Politika -
Kutxabank auzia
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Mario Fernandezen kontrako zigorra
Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Kutxabankeko presidente ohiari, Mikel Cabiecesi egindako ordainketa irregularren kasuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak atzera bota du Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak aurkeztutako kasazio-helegitea eta, ondorioz, berretsi egin du 2017ko martxoaren 20an Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ezarri zion sei hilabeteko kartzela-zigorra, bidegabeko jabetza egotzita.
Gauzak horrela, ebazpenaren berri izan ostean Mario Fernandezek Repsoleko Administrazio Kontseiluan zuen kargua utzi du.
Repsolek ohar bat zabaldu du Mario Fernandezen "profesionaltasuna" nabarmenduz eta konpainia egon den urteetan egindako "ezohiko ekarpena" eskertuz. 2011ko apirilaren 15tik egon da Repsoleko Administrazio Kontseiluan.
Mario Fernandezek ohar batean esan du Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatzen duela, baina "prozesu luze honetan aurkeztutako frogak" aintzat hartu ez dituela deitoratu du.
2017ko martxoan, Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zien Mario Fernandezi eta Rafael Alkorta abokatuari eta urtebeteko espetxealdia Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiari, Kutxabanken bidez ordainketa irregularrak egitea egotzita.
Epaiaren arabera, Fernandezek zuzentzen zuen banketxeak 243.592 euro ordaindu zizkion Cabiecesi, Alkortaren abokatu-langelaren bidez.
Epaileak diruaz bidegabe jabetzea leporatu zien. Fiskaltzak auzipetu bakoitzarentzat urtebeteko kartzela-zigorra eskatu zuen. Akusazio partikularrak, berriz, hiru urte eta erdi Cabiecesentzat eta Alkortarentzat, eta bi urte eta hiru hilabete Fernandezentzat.