Politika -
PSE
'Elkarbizitza plurala' defendatu du Mendiak, 'akordioak hedatzen jarraitzeko'
"Etiketarik eta mitorik gabeko elkarbizitza"ren alde egin du PSE-EEko idazkari nagusiak, Eusko Kontseilu Nagusiaren 40. urteurrenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Duela 40 urte Gernikako Estatutuak abiatutako elkarbizitzarako esparrua sendotzearen" alde egin du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, "etiketarik, mitorik eta existitzen ez den iraganik gabeko elkarbizitza plurala lortzeko asmoz".
Euskal Kontseilu Nagusiaren 40. urteurrenaren harira, Ramon Rubial Fundazioak gaur Bilbon antolatutako ekitaldian izan da Mendia. Horrekin batera, hainbat sozialistaburu ere izan dira, tartean, Iñaki Arriola, Alfredo Retortillo eta Maria Jesus San Jose egungo Eusko Jaurlaritzaren hiru sailburu sozialistak, eta Ramon Rubial Euskal Kontseilu Nagusiko presidente zenean, Angel Garcia Ronda eta Jose Antonio Maturana.
Mendiak adierazi duenez, "Aguirreren Gobernuaren izpirituaren oinordekoak sentitzen gara, horri esker, sozialistek eta nazionalistek lortu genuelako komunistak eta errepublikanoak erakartzea". "Rubial eta Patxi Lopezen Gobernuek ondo baino hobeto ulertu zuten elkarbizitza anitzaren borondatea", gaineratu du.
PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "gure bi Estatutuak erditu zituen kulturaren oinordekoa sentitzen da" euskal sozialismoa, "Euskadiko politika berriro bideratu baitzuen, inor baztertu gabe".