Politika -
ETAren iragarpena
Brian Currin: 'ETAk su-eten bat iragarriko du Gabonak baino lehen"
Hegoafrikako bitartekariak esan duenez, Exekutiboak egin ezean, Nazioarteko Bitartekari Taldeak egiaztatzaile lana egin beharko luke, euskal alderdiekin hitz egin ostean.
Erredakzioa
Brian Currin Hegoafrikako abokatu eta bitartekari adituak ziurtatu duenez, ezker abertzaleak jakinarazi egin dio ETAk alde bakarreko eta behin behineko su-eten egiaztagarri bat iragarriko duela Gabonak baino lehen.
Bilbon egindako prentsaurrekoan, Currinek esan du ez daukala "zalantzarik" ezker abertzaleak eman dion informazioaren egiazkotasunaren gainean eta, bere esanetan, su-etena iragarri eta gero egiaztatze prozesu bat hasiko da, eta bertan "komenigarria litzateke Espainiako Gobernua egotea".
Exekutiboak egon ezean, "Nazioarteko Bitartekari Taldeak lan egiaztatzaile" hori egin beharko luke, euskal alderdiekin hitz egin ostean. Desmarke-fasea, abokatuaren arabera, egiaztatze prozesu horren ostean etorriko da.
ETAko talde batek prozesuan parte ez hartzea erabakiko balu, prozesua jarraituko luke eta alderdiek ez lukete izango harremanik.
"Gaizki-ulertua"
Hala ere, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak azaldu duenez, Currinek "goizeko prentsaurrekoan gaizki-ulertu bat izan" dela uste du.
Hurrengo asteetan ETAren iragarpenik izango dela ezker abertzaleak ziurtatu dionik ukatu du Hegoafrikako abokatuak.
"Interpretazio akats bat dela-eta, ezker abertzaleak hurrengo asteetan ETAren komunikatu bat izango dela esan diola zabaldu da", azaldu du. Riosen ahotan, "Brian Currinek ingelesez esan duena hurrengoa da: datozen asteetan iragarpen bat izatea garrantzitsua dela uste du ezker abertzaleak, eta hori gertatzea nahi du".
Horregatik, "komunikatua izango denik ezker abertzaleak baieztatu dionik ukatu du Brian Currinek".
Nazioarteko Bitartekari Taldea
Brian Currin Bruselako Ituneko sinatzaileetako batek "Euskadiko alderdi eta eragile politiko gehienekin" egindako kontsulta eta bilerak "arrakastatsuak" izan direla eta Nazioarteko Bitartekari Taldearen (NBT) eginkizunak zehaztuta dituela esateko egin du prentsaurrekoa.
Hala ere, ez du zehaztu nortzuk osatuko duten taldea izenak ez direlako ezagutaraziko "adierazpen formala izan arte", baina "taldea osatzeko bidean da".
Hegoafrikako abokatuaren arabera, nahiz eta taldearen eginkizunak zehaztuta egon, "taldea osatzeke dago, baina formalki osatuko da baldintzak betetzen direnean". Eta baldintzak emango dira ETAri "behin behineko eta aldebakarreko su-eten egiaztagarria" eskatzen diotenean. Horrezkero, NBTk bere lanak hasiko ditu. "Ez litzaidake gustatuko esparruak zehaztu eta itxaropena piztea, baina komenigarriena izango litzateke Gabonak baino lehen forma eman, bukatu, amaitu", Currinen itzultzaileak haren izenean esan duenez.