Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Zerga erreforma babestu du Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin

Fiskalitateari buruzko saio monografikoan, EH Bilduk eta Podemosek Sozietateen gaineko Zergaren jaitsiera baztertu dute eta Gobernuaren (EAJ-PSE) eta PPren arteko ituna kritikatu dute.

Fiskalitateari buruzko saio monografikoa Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Fiskalitateari buruzko saio monografikoa Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Fiskalitateari buruzko saio monografikoa Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte honetan indarrean sartuko den zerga erreforma babestu du Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako proposamenak, berriz, atzera bota ditu Gasteizko Ganberak. Bi alderdiok, besteak beste, presio fiskal progresiboa aldarrikatu dute euren proposamenetan.

Fiskalitateari buruzko saio monografikoa egin dute gaur Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eskatuta. Eztabaidak agerian utzi ditu gai honen inguruan EAJk, PSE-EEk eta PPk, alde batetik, eta  EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, bestetik, dituzten iritzi kontrajarriak.

Orotara 90 proposamen eztabaidatu eta bozkatu dituzte, eta, jeltzaleek eta sozialistek aurkeztutakoak atera dira aurrera, popularren botoei esker.

Orain, behin Legebiltzarrak zerga erreformari babesa emanda, EAEko hiru lurraldeetako batzar nagusiek onartu beharko dute erreforma, horien esku baitago zergen kudeaketaren eskumena.

Goizeko eztabaidan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Sozietateen gaineko Zergaren jaitsiera kritikatu eta presio fiskal progresibo handiagoa aldarrikatu dute. Gainera, EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernuak PPrekin adostutako zerga erreforma gaitzetsi dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hainbat eskari egin dituzte: presio fiskala progresiboki handitzea Europako batez bestekora iristeko, kapital-errentak eta lan-errentak ordaintzen dituztenen arteko proportzio falta zuzentzea eta zerga berri bat ezartzea, irabaziak dituzten enpresek dagokiena ordain dezaten.

Leire Pinedok (EH Bildu) salatu duenez, lan-errentengatik duela 10 urte baino 727 milioi euro gehiago ordaintzen da orain Euskal Autonomia Erkidegoan eta Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, ostera, 992,5 milioi gutxiago. Pinedoren esanetan, Europar Batasuneko batez besteko presio fiskala % 40koa eta Euroguneko herrialdeetakoa % 41,5ekoa den bitartean, EAEn % 32koa da.

Elkarrekin Podemoseko Julen Bollainek galdegin du ea EAJ, PSE eta PPren helburua Sozietateen gaineko Zerga "desagerraraztea" den, 10 urtean % 27 jaitsi dela argudiatuta. Ildo horretan, beren helburua "gehien dutenei zergak jaistea" dela uste du. EAJren eta PPren zerga ereduak "berdinak" direla azpimarratu ostean, langileek profesional liberalek baino % 40 gehiago ordaintzea "bidegabea" dela gaineratu du.

EAJren izenean Josune Gorospe legebiltzarkidean EAEko fiskalitatea defendatu du, eta gehien dutenek Espainiako beste toki batzuetan baino gehiago eta gutxien dutenek gutxiago ordaintzen dutela ziurtatu du. Zerga erreformari esker diru-bilketa handituko dela eta horrek kontuak onbideratzea eta aurreikusi gabeko gastuei aurre egitea ahalbidetuko duela nabarmendu du. Europako beste herrialde batzuekiko konparaketan, tipoaz gain eskaintzen diren zerbitzu publikoak kontuan hartu behar direla uste du.

Fiskalitate alorrean akordioak lortzeko borondate falta leporatu die Alexia Castelo PSE-EEko legebiltzarkideak EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi, eta akordioak zerga sistema "bidezko eta progresiboa" ahalbidetuko duela adierazi du.

Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak, azkenik, Sozietateen gaineko Zergaren jaitsiera txalotu du. Aldi berean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan presio fiskala murriztearen alde agertu da, aurrez Mariano Rajoyren Gobernuak egin bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra EAE Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Gastu publikoa