Politika -
Aaiunera zihoazen
EAJko parlamentari bat eta Aralarreko bi atxikita daude Casablancan
Euskal Fondoak antolatuta, sahararraren kanpalekua bisitatzera zihoazen, baina ez diete aireportutik irteten utzi. Goizean zehar, Olaia Sagredorekin,Madrilerako hegaldia hartuko dutela espera da.
Erredakzioa
&' || 'nbsp;Eusko Legebiltzarreko bi parlamentari, Nerea Antia (EAJ) eta Mikel Basabe (Aralar) eta Nafarroako Parlamentuko Nekane Perez (Aralar) gaua eman dute Casablancako aireportuan. Hirurak, Olaia Sagredo ikuskatzailearekin batera, Aaiunera bidean zihoazen sahararren kanpamendua bisitatzera. Pasaporteak eta ontziratzeko txartelak bueltatu dizkiete, eta goizean zehar Madrilerako hegaldia hartuko dutela espera da.
"Ez digute aireportutik irteten utzi", berriz salatu du EAJko legebiltzarkideak, eta aireportuan zegoen hotel batean "tartetxo bat" lo egin dutela azaldu du.
Carlos Lojendio Espainiako kontsula Casablancan bisita egin die gauean.
"Azalpenik eman gabe" Marokon sartzea galarazi dietela adierazi dio Aralarreko parlamentariak Radio Euskadiri.
"Ez dugu mugitzeko askatasunik. Herrialdean sartzeko zigilua dugu, baina ezin gara mugitu", azaldu du Antiak.
Larunbatetik atxikita
Antiak atzo Efe albiste agentziari telefonoz esandakoaren arabera, hiru parlamentariak larunbat goizean iritsi ziren Casablancara Madriletik ateratako hegaldi batean. Aiaunera eraman behar zituen beste hegaldi bat hartzera zihoazenean, aireportuko langileek pasaporteak kendu zizkieten.
Gainera, EAJko parlamentariak adierazi zuenez, Royal Air Maroc konpainiako langilea bezala aurkeztu zen gizon batek gaur, igandea, Madrilera bueltan bidaliko zituztela esan zien.
Mendebaldeko Saharara zihoazen
Antiaren esanetan, parlamentariek saharar kanpamendu batera joan eta "bertan bizi duten egoera ikusi" nahi zuten, urriaren 24an 14 urteko Nayen Elgarhi haurra Aiauneko kanpamenduetatik gertu tiroz hil ondoren.
Parlamentariek Euskal Fondoak Aaiunera antolatuko elkartasun bidaia egin behar zutela azaldu du Aralarrek ohar baten bidez.
Bere aldetik, EAJk "Marokoko agintariek parlamentariei eman dieten tratu iraingarria" salatu du, eta honako eskaera egin dio Marokoko Gobernuari: "Sahararren oinarrizko eskubideak errespetatzea eta protesta baketsuak egiten dituzten herritarren kontrako errepresioarekin amaitzeko".