Politika -

Aurrekontuak

Ikerketa eta lanbide heziketa bultzatuko ditu Hezkuntza Sailak 2011n

Isabel Celaak zuzendutako Sailak 74,7 milioi euro bideratuko ditu ikerketarako 2011n. Aurten ia 50 milioi euro bideratu dituzte, ondorioz, % 50 gehiago inbertituko du Jaurlaritzak datorren urtean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerketari eta lanbide heziketari bultzada handia eman nahi die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2011ko aurrekontuetan.

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko batzordean. Bertan Sailaren datorren urterako aurrekontua aurkeztu du. Aurrekontua 2.661 milioi eurokoa izango da, aurten baino % 3,3 gutxiago.

Ezohiko Planaren 52 milioi baino gehiago erantsi behar zaizkio kopuru horri, aurtengo diru-bilketan izandako hazkundeagatik.

Partida ezberdinak

2.713 milioi euro horietatik, % 35 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako bideratuko dute. Bestalde, antzeko portzentajea haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzan erabiliko dute.

Ikerketari emandako babesa areagotuko da. Horrela, Hezkuntza Sailak 74,7 milioi euro bideratuko ditu ikerketarako 2011n. Aurten ia 50 milioi euro bideratu dituzte, ondorioz, % 50 gehiago inbertituko du Eusko Jaurlaritzak datorren urtean.

Lanbide Heziketa alorrean 52 milioi euro inbertitzea aurrikusten du Sailak, horietatik 20 milioi prestakuntza egitasmoetan erabiliko dituztelarik. Gainera, LHn 6 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte ekipamendu inbertsioetarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea