Politika -

Oroimena

Iruñeko Udalak ETAren biktimak oroitzeko lehen bi plakak jarri ditu

ETAk 27 lagun hil zituen Iruñean. Bertan bizi diren bost familiarekin harremanetan izan direla jakinarazi du Joseba Asiron alkateak.

Iruñean jarritako plaketako bat, irudian. Argazkia: EiTB.
Iruñean jarritako plaketako bat, irudian. Argazkia: EiTB.
Iruñean jarritako plaketako bat, irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk Iruñean eragindako 27 biktimen "oroimenezko eta omenezko" lehen bi plakak jarri ditu Udalak, Joseba Asiron (EH Bildu) alkateak jakinarazi duenez. Alfredo Aguirre Belascoain ikaslea eta Angel Postigo Mejias polizia oroitzeko plakak jarri dituzte, hain justu ere.

Horrela bada, Nafarroako Parlamentuak eskatuta, Iruñeko Udalaren bozeramaileen batzordeak 2017ko martxoaren 23an hartutako erabakia bete egin duela azpimarratu du Asironek.

Atentatuak izan diren hiri eta herri guztietan, adostasunez eta familiaren oniritziarekin, plakak jartzeko eskatu zien Foru Ganberak Nafarroako Gobernuari eta udalei.

Alfredo Aguirre oroitzeko plaka Xabierko jaitsieran jarri dute, han hil zuten 1985eko maiatzaren 30ean. 14 urte zituen.

Angel Postigoren plaka, berriz, Marcelo Celayeta etorbidearen eta Bernardino Tirapu kaleen arteko lotunean jarri dute, Errotxapean.

Asironek esan du aurrerantzean plaka gehiago jarriko dituztela, biktimen inguruko informazioa jaso ahala. Pertsona horien datuak eta helbideak ematea Espainiako Barne Ministerioak eginkizuna dela erantsi du.

Oraingoz ez dute Barne Ministerioaren erantzunik jaso, baina plakak eskatutako informazioa jaso ahala jarriko dituztela berretsi du.

Halaber, Asironek azaldu du Iruñean bizi diren bost familiarekin harremanetan jartzea lortu zuela Udalak.

Ekimenaren berri eman ostean, bi familiak berehala eman zuten beren oniritzia eta udal ordezkariak haiekin bildu ziren.

Beste familia batek plakarik ez jartzea nahiago zuela adierazi zuen, pairatu zuten sufrimendua une oro oroitzea izango litzatekeela iritzita. Gainerako bi familiek ezezkoarekin erantzun zioten Udalaren ekimenari.

"Biktima guztien memoria, duintasuna, aitortza eta ordaina aldarrikatzen dugu, eta bide horretan urrats garrantzitsua da orain eman duguna", azpimarratu du alkateak.

"Nire ustez, ikuspuntu moraletik derrigorrezkoa zen hau egitea eta harro nago horregatik", esan du.

Biktimen senideekin egindako topaketak "hunkigarriak" eta aldi berean "saminez betetakoak" izan direla azaldu du, eta bilera guztietan errespetua eta zintzotasuna nagusitu direla gaineratu du.

Oroigarriak jartzeko ekimen hori amaitu ostean, ETAk Iruñean hil zituen 27 pertsonak omentzeko ekitaldi publiko eta ofizial bat egiteko asmoa duela iragarri du Asironek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa Euskadi Ta Askatasuna albisteak Alderdi politikoak Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Bakea eta adiskidetzea Euskadin Iruñeko Udala albisteak Terrorismoaren Biktimak