Politika -
Presoen hurbilketa
Ibon Iparragirre gaur iritsiko da Arrasateko Aita Menni erietxera
Larri gaixo dagoen Ondarroako presoa asteazkenean atera zen Alcala Meco espetxetik Arrasaterako bidean, espetxe-zaintzako epaileak aginduta.
Agentziak | Erredakzioa
Ibon Iparragirre, larri gaixo dagoen Ondarroako presoa, ostiralean iritsiko da Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni erietxera, 16:00ak aldera, Etxeratek agiri batean jakinarazi duenez.
Iparragirre asteazkenean atera zuten Alcala Meco Madrilgo kartzelatik, eta familiak uste du gaua Madrilgo beste espetxe batean igaro duela. Etxeratek anbulantzian zuzenean ekarri ez izana salatu du, "hiesak jota azkenetan dagoen gaixoa baita". "Gaixotasunaren faserik latzenean (c3 fasean) dago, eta bere denbora bukatzen ari da", esan dute.
Jose Luis Castro espetxe-zaintzako epaileak eman zuen Aita Menni erietxera eramateko agindua, Espetxeen Erregelamenduaren 100.2 artikulua aplikatuta.
"Atsekabea eta ardura adierazi behar dugu Ibon Iparragirreri ematen ari zaion krudelkeria tratuagatik, larri gaixo egonda bidaia luze eta bihurria egiten ari baita", gaineratu du Etxeratek.