Politika -
Transferentziak
Eskumenen negoziazioari berriz ekiteko eskatuko dio Erkorekak Saenz de Santamariari
Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetan, "berrikuntza" da Javier De Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak espetxe eskumena "transferitu" daitekeela esatea.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, datozen egunetan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin harremanetan jarriko da eskumenen negoziazioari berriro heltzea eskatzeko.
Gobernu bileraren ondotik egindako prentsaurrekoan iragarri du asmoa Erkorekak. Agerraldian Eusko Jaurlaritzak 2018an dituen lehentasunen eta helburuen berri eman du bozeramaileak; horien artean daude, hain justu, EAEren esku uzteke dauden eskumenak.
"Datozen egunetan jarriko naiz Espainiako presidenteordearekin harremanetan jakinarazteko oraindik mahai gainean dauden transferentzia horiek egin gabe daudela eta negoziazioak lehenbailehen berreskuratzeko"
Oraindik transferitu gabe dauden 37 eskumenen txostena helarazi zion irailean Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.
Eskumenen harira, Javier De Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak urte hasieran egindako adierazpenak ahotan hartu ditu Erkorekak. De Andresek aitortu zuenez, espetxe eskumenaren eskualdaketa aurten egitea nahiko luke, eta Kataluniako "arazoari" egotzi zion negoziazioen etena.
Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, adierazpen hauek "berrikuntza" dira: "Lehen aldia da entzuten diodana Espainiako ordezkariari gizarte segurantzaren eskuduntza transferitu daitekeela".