Politika -

Elur denboralea

Sustapen Ministerioak informazio-txostena zabaldu dio Iberpistas AP-6ko emakidadunari

AP-6an sortutako "kaosaren" azalpenak eskatuko dizkiote Podemosek eta Ciudadanosek De la Serna ministroari. Barne Ministerioak bilera egingo du arratsaldean denboralearen ingurukoak aztertzeko.

Elur denboraleak AP6an eragindako kaosa. EFE
Elur denboraleak AP6an eragindako kaosa. EFE
Ehunka lagun harrapatuta, gau osoan Segoviatik Madrilera doan autobidean

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo de la Serna Sustapen ministroak jakinarazi duenez, informazio-txostena zabaldu diote Iberpistas (Abertisen eskumeneko Autopistas taldekoa) AP-6ko emakidadunari, elurteen ondorioz, larunbatean, milaka ibilgailu hainbat orduz autobidean harrapatuta gelditu ostean.

Errepideetan izandako arazoen inguruko azalpenak Diputatuen Kongresuan "arazorik gabe" emango dituela esan du De la Sernak.

Ministroak beharrezko azalpen guztiak "gardentasun osoz" emango ditu Kongresuan, Sustapen Ministerioak Iberpistasen informazioa jaso eta gero, horretarako zabaldu baitio informazio-txostena. Txostenaren ondorioak ezagutu ondoren, arau-hausterik izan ote zen aztertuko dute.

Sustapen ministroaren agerraldia eskatuko dute

Ciudadanos alderdiak Iñigo de la Serna Espainiako Gobernuko Sustapen ministroaren eta Juan Ignacio Zoido Barne ministroaren agerraldiak eskatuko ditu Diputatuen Kongresuan. Elur denboraleak errepideetan, AP-6 autobidean batik bat, eragindako "kaosa" argitzeko azalpenak ematea nahi du Riveraren alderdiak.

Miguel Gutierrez Ciudadanoseko idazkari nagusiak ohar batean azaldu duenez, alderdiak bihar aurkeztuko du eskaria, bai de la Sernak bai Zoidok bidesaria duen autobide horretako sarbideak zergatik itxi zituzten azal dezaten.

Bestalde, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak ere Iñigo de la Serna Sustapen ministroaren agerraldia eskatuko duela jakinarazi du, elurraren ondorioz AP-6 autobidean izandako kolapsoa azaltzeko. Milaka pertsona geratu ziren harrapatuta.

Iglesiasek Twitterren argitaratu duenez, "aurreikuspen gabezia klasiko bat da neguan. Erregeari gorazarre egin eta bandera ugari" erakusten direla kritikatzeaz gain, "ustelkeria eta lehiakortasunik eza Gobernuaren errealitateak" direla berretsi du.

"Gure eginbeharra beteko dugu, eta Sustapen ministroaren agerraldia eskatuko dugu, AP-6an gertatutakoa azal dezan", gaineratu du.

Barne Ministerioak bilera deitu du denboralearen ingurukoak aztertzeko

Juan Ignacio Zoido Barne ministroak Estatuko Koordinazio Batzordea deitu du astelehen honetan, denboralean izandako nondik norakoak aztertzeko.

Bilera 17:00etan izango da, Barne Ministerioaren egoitzan eta, bertan, honako hauek izango dira: Trafikoko zuzendari nagusia, Guardia Zibilaren Trafiko taldeko burua, Errepideetako zuzendari orokorra, Babes Zibileko eta Larrialdietarako zuzendari nagusia, Defentsa Politikako (UME) zuzendari nagusia eta AEMETeko ordezkari bat.

Horiek guztiek aztertuko dute asteburuan elur denboralea dela-eta AP-6 autobidean gertatutakoa "aurrerantzean kasu horietan eman daitezkeen irtenbideak hobetzeko", esan dute Barne Ministeriotik.

Auto-pilaketa "ez zen soilik gidarien erruz izan"

Gregorio Serrano Trafikoko zuzendari nagusiaren hitzetan, auto-pilaketak "ez ziren bakarrik gidarien erruz eman", hasieran esan bazuen ere "gidariek ohartarazpenak kontuan ez zituztela hartu".

Trafiko Zuzendaritza Nagusiko buruak barkamena eskatu du izan diren akatsengatik, baina argi utzi du gertatutakoaren erantzukizun osoa AP-6ko enpresa emakidadunarena dela.

"Enpresa emakidadunak erabakitzen du autobidea trafikora zabaldu behar den ala ez. Gertatutakoaren inguruko guztiak argituko dira Ministerioak Abertisi zabaldutako informazio-txostenari esker". Halaber, "gidari askok ez zuten erabaki egokia hartu larunbat arratsaldean, elurtea zetorrela ikusita, errepidera atera zirenean", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gizartea bideoak Ciudadanos alderdia Eguneko albisteak Podemos bideoak