Politika -
PSE-Batasuna ustezko bilera
Premiazko bilera egitea eskatu dio PPk PSEri
Ezker abertzalearekin biltzea "terrorismoa legitimatzea edo deslegitimatzea den" argitzeko eskatu dio Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak lehendakariari.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak premiazko bilera egiteko exijitu dio PSEri, ustez Alderdi Sozialistak eta ezker abertzaleak egin duten bileraren inguruko azalpenak eskatzeko eta horrek EAEn duten ituna urratu duen ala ez erabakitzeko.
Ezker abertzalearekin biltzea "terrorismoa legitimatzea edo deslegitimatzea den" argitzeko eskatu dio Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak lehendakariari. Era berean, "Batasunak datozen udal hauteskundeetan egoteko duen interesari" buruz hitz egiteko eskatu dio.
Basagoitirentzat "Batasunarekin biltzea bere historia eta ikararen eta fanatismoaren errealitatea babestea da". "ETAk egin duena eta egiten duenarekin jarraitzeko arrazoiak ematen dizkio soilik" bilera horrek.
"Ez du balio aldi berean karta-sorta anitzekin jokatzea; izan ere, zenbait karta ETAren izena dute eta irabazteko eta demokrazia deslegitimatzeko markatuak daude", esan du.
Alfonso Alonso Arabako PPren presidenteak ohartarazi duenez, PSEk ezker abertzalearen ordezkaritza batekin harremanak izan dituela baieztatzen bada, horrek sozialistekin EAEn duten "gobernu-akordioaren urraketa suposatuko luke".
Zenbait komunikabidek gaur argitaratu dutenez, duela hilabete Jose Antonio Pastor eta Alfonso Gil PSEko buruzagiak bilera bat egin zuten ezker abertzaleko ordezkari diren Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaiarekin. Alderdi Sozialistak agiri bat kaleratu du goizean eta informazio hori gezurtatu du.
Alfonso Alonsok azaldu duenez, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Antonio Basagoitiri deitu dio goizean, bilera horren inguruko berria gezurra dela argitzeko. Alabaina, gai hau "oso serioa" eta "larria" dela iritzi dio eta, ondorioz, PSE-PP itunaren egoera aztertzeko bilera bat egitea ezinbestekoa dela esan du. Ildo berean, Patxi Lopez lehendakariak eta Antonio Basagoiti PPko buruzagiak beste batzar bat egin beharko luketela adierazi du. Alonsok gogoratu duenez, PSE eta PPren arteko hitzarmenak "ETAren deslegitimazio politiko eta soziala babesten du, baita ETA justifikatu edo babesten duten pertsonena edo alderdiena ere".
Horrenbestez, "Batasunari hizketakide politiko izaera emateak Euskadira aldaketa ekarri zuen akordioaren urraketa suposatzen du". Gainera, Patxi Lopezen Gobernua itun horretan oinarritzen dela azpimarratu du. "Nahasmen hau guztia Alderdi Sozialistako buruzagi batzuek ETAren amaierari buruz esandakoen" ondotik sortu dela kritikatu du Alonsok eta ahalik eta azkarren argitzeko eskatu du. "Ezin dira onartu ETAren amuak eta datozen hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko Batasunaren iruzurrak", erantsi du.
Ildo horretan, PPk proposamen berri bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Espainiako Gobernuak Alderdien Legea aplikatu dezan, "Batasunak iruzurrik ez egiteko eta 2011ko maiatzeko hauteskundeetan parte hartzea ekiditeko". "Legebiltzarrari iritsi zaio ordua gai honetan jarrera argi eta garbia erakusteko", adierazi du.
Kazetariek egindako galderei erantzunda, Alonsok esan du PPk PSErenganako konfidantzari eutsi nahi diola. PP-PSE itunak "terrorismoarekin amaitzeko bidea" markatzen duela gaineratu du. Azkenik, bi alderdi horien arteko bilera datorren astean egin dezaketela jakinarazi du.
EUSKADIKO PP-REN ZUZENDARITZA ASTEARTEAN BILDUKO DA
Bestalde, Leopoldo Barreda Euskadiko PPren bozeramaileak iragarri du bere alderdiaren zuzendaritza datorren asteartean bilduko dela PSErekin daukan hitzarmenaren inguruan erabaki bat hartzeko, baldin eta sozialistak ezker abertzaleko ordezkariekin bildu zirela egia bada.
"Batasuna eta PSEren arteko bilera burutu bada, ondorioak izango ditu, ezbairik gabe", nabarmendu du Barredak. Antonio Basagoiti Patxi Lopez lehendakariarekin bilduko dela ere baieztatu du.
Horrez gain, Barredak "erabat onartezintzat" jo du Jesus Eguiguren PSEko presidenteak Arnaldo Otegiren aurkako epaiketan lekuko bezala deklaratzeko eskaerari baiezkoa eman izana. Otegi azaroaren 11an epaituko dute, Anoetako ekitaldian terrorismoa goratu zuela leporatuta.
"Ez dakit zer esango duen, baina defentsak deituta deklaratuko duela kontuan hartuta, nabarmena da Arnaldo Otegiren aurkako testigantzarik emango ez duela. Egoera kafkiarra da: PSEko presidentea Batasuna bezalako talde terrorista bat berreraikitzen saiatzeagatik akusatutako baten lekuko", adierazi du harrituta.