Politika -
Presoak
Presoen hurbilketa eskatzeko manifestazio jendetsua egin dute Iruñean
"Iruñerria kalera, presoak etxera" lelopean, ehunka pertsonek presoen sakabanaketarekin eta urrunketarekin amaitzeko eskatu dute. Bihar Basauriko eta Martuteneko espetxeetara martxak egingo dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
"Iruñerria kalera, presoak etxera" lelopean, presoek etxekoengandik gertu egoteko duten eskubidea aldarrikatu dute ehunka pertsonek larunbat arratsalde honetan Iruñean. Ildo horretatik, presoen sakabanaketarekin eta urrunketarekin amaitzeko eskatu dute.
Manifestazioa hasi baino ordubete inguru lehenago, Errotxapeako Gaztetxetik, Atarrabiako katetik eta Barañaindik abiatutako hiru zutabek bat egin dute Iruñeko Autobus Geltoki Zaharrean. Sortuk, LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakuntzak deituta, bertaratutako pertsonek erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte.
Joaldunak manifestazioaren buruan joan dira. Jarraian, Nafarroako eta euskal presoak etxera hurbiltzeko eskatzen duen bandera erraldoi bana eraman dute. "Iruñerria kalera, presoak etxera" lelopean, espetxean dauden 305 presoak gabonak haien senideengatik urrun igaroko dituztela salatu dute.
Bihar, abenduak 31, Basauriko eta Martuteneko espetxeetara martxak egingo dituzte.