Politika -

2018rako

Arabako Foru Gobernuak eta PPk akordioa adostu dute Aurrekontuak onartzeko

Guztira, 481 milioi euroko Aurrekontua izango da; 2017koarekin alderatuta, % 2,9 egin du gora. Azken bi urteotan EH Bilduren babesarekin onartu dituzte kontuak.

Arabak 481 milioiko Aurrekontua izango du. Argazkia: EiTB.
Arabak 481 milioiko Aurrekontua izango du. Argazkia: EiTB.
Arabako Foru Gobernuak eta PPk akordioa adostu dute aurrekontuak onartzeko

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018rako Aurrekontuak onartze aldera, Arabako Foru Aldundiaren Gobernuak (EAJk eta PSE-EEk osatzen dute) akordioa itxi du gaur PPrekin; horri esker, PPk Aurrekontuak onartzea ahalbidetuko du, alderdi horrek jakitera eman duenez.

PPko batzarkideek, hortaz, ez diete oztoporik jarriko Aurrekontuei. 481 milioi eurokoak izango dira, ekitaldi honetakoak baino % 2,9 handiagoak. Foru Gobernuan dauden alderdiek (EAJk eta PSOE-EEk) laguntza behar dute Aurrekontuak aurrera ateratzeko, ez baitute gehiengorik Ganberan.

Aurreko bi ekitaldietan, EH Bildurekin adostutako hitzarmenei esker onartu zituzten Aurrekontuak; aurten, baina, EAJk, PSE-EEk eta PPk fiskalitatea aldatu eta Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuak onartzeko akordioa lortu ondoren, PP izan da aukera bakarra Araban 2018ko Aurrekontuak onartzeko behar duten babesa lortzeko.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Ana Morales PPk Batzar Nagusietan duen bozeramaileak akordioaren gainean hitz egin dute; biek sinatu dute hitzarmena (komunikabideak ez dira bertan izan), eta, gerora, agerraldia egin dute, banan-banan. PPren arabera, akordioak zazpi milioi eurotan du eragina, baina Gobernuak ez du baieztatu datu hori.

"Norabidea" aldatzea lortu dute, PPren esanetan

Morales pozik azaldu da; izan ere, esan duenez, PPk lortu du Aldundiak "norabidea aldatzea", akordioa pertsonak benetan kezkatzen dituzten kontuetan oinarrituta baitago, "ez EH Bilduren sasi-politikan".

Adierazi du Aurrekontuetatik at geratu dela ETAko presoei gertu dauden elkarteak finantzatzeko dirua; Miguel Angel Blanco Fundazioak, AVTk eta Covitek, aldiz, diru-laguntzak jasoko dituzte.

"Aurrekontua baldintzatzea lortu dugu. Aldundiaren politikak guztiz aldatuko dira. Zergak jaitsi ez ezik, arabarren bizitza erraztuko duten politikak ere sartu ditugu", berretsi du.

Ez da xehetasunetan sartu, baina azpimarratu du akordioak bere alderdiaren iritziz lehentasuna duten hainbat arlori eragiten diela; besteak beste, aipatu ditu, arlo horien artean, elkarbizitza, gizarte ongizatea, lurralde-oreka, despopulatzea eta suspertze ekonomikoa.

Moralesek zehaztu du aurrekontu-akordioak 2018an izango dela indarrean, berez; Araban eragina izango dituzten adostutako neurri fiskalak, baina, jarraipena izango dute hemendik aurrerako ekitaldietan.

Negoziazio-jarrera

Gonzalezek, bere aldetik, nabarmendu du bere Gobernuak negoziazio-jarrera duela; izan ere, eta nahiz eta foru Ganberan gehiengoa ez izan, azken hiru ekitaldietan Aurrekontuak onar ditzatela erdietsi du.

Esan duenez, Aldundiak ez die uko egin bere proiektu nagusiei, bati ere ez; are gehiago denak gauzatu ahal izango ditu, "diru-laguntzarik ez baita desagertzen, eta PPren ekarpen onak jasotzen baitira". Gonzalezek eskertu egin du PPk erakutsitako negoziazio-jarrera.

Ez du baieztatu akordioa zazpi milioikoa den ala ez, baina azaldu du bi zati dituela: alde batetik, kontu-sailekin zuzeneko lotura duena; beste alde batetik, Arabarako "tratamendu fiskal espezifikoa" jasotzen duena. Azken horretan agertzen diren neurriek laguntza emango dute herritarrak lurraldean gera daitezen eta enpresa txikiek eta autonomoek babesa izan dezaten.

Astelehenean, PPk zehaztuko ditu akordioaren gaineko hainbat xehetasun; asteartean, aldiz, ahaldun nagusiak hitz egingo du berriro horren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Araba Alderdi politikoak bideoak Ekonomia berriak Euskal sozialistak Euskadiko PP Arabako Ahaldun nagusia Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak