Politika -

ETAren aurkako politika

Zapatero: 'Ezker abertzalearen pausoak ez dira alferrikakoak izango'

Bestalde, ETArekin "nahasteak" PP eta PSEren arteko ituna arriskuan jar dezakeela ohartarazi dio Zapaterori Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak eman dituen azken "pausoak" eta igorri dituen "mezuak" nahikoak ez direla esan du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak. "Hala ere, ez dira alferrikakoak izango", gaineratu du Madrilen egindako agerraldian.

ETAren bukaera legealdi honetan lortuko den galdetu diote kazetariek Zapaterori.

ETAren bukaeraz zuhurtziaz hitz egiteko eskatu du Zapaterok. "ETA ahalik eta arinen desagertzeko" lanean jarraitzen dutela esan du eta "inoiz baino emaitza garrantzitsuagoak" lortu direla gaineratu du. Hala ere, ETAk 40 urteko ibilbidea duela ekarri du gogora eta, beraz, "zuhurtzia" eskatu du.

Bestalde, ETAren aurkako politikaren inguruan EAJrekin "hitzarmen sekreturik" ez dagoela azaldu du kazetarien aurrean.

Abisua

Gobernuko presidenteak ETAri buruz esandakoekin kezkatuta dagoela esan du Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Erakunde terroristarekin "nahasteak" PP eta PSEren arteko ituna arriskuan jar dezakeela ohartarazi du Quirogak.

Terrorismoaren kontrako politikan Exekutiboak aldaketarik egin duela pentsatzeko arrazoirik ez dagoela adierazi du PPko ordezkariak, baina Zapaterok ETAren bukaerarantz aurrera egiteko "momentu erabakigarriaz" hitz egiteak kezkatu duela onartu du. Terrorismoaren aurkako politika funtzionatzen duen Exekutiboaren politika bakarra dela goraipatu du Quirogak.

"Euskadiko ituna arriskuan jarriko lukeen gauza batekin nahastea" Gobernuko presidentearen "arduragabekeria" izango litzatekeela salatu du Legebiltzarreko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea