Politika -
KATALUNIA
Gorenak ostiralerako deitu ditu espetxean dauden kontseilariak, Cuixart eta Sanchez
Auzipetuak bermea ordainduta aske gelditzeko lehen pausoa izan daiteke. Ostiralean 09:30ean hasiko dira deklaratzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak ostiralean deklaratzera deitu ditu espetxean dauden Generalitateko kargugabetutako zortzi kontseilariak, tartean, Oriol Junqueras, kargugabetutako Generalitateko presidenteordea. Kataluniako independentzia deklarazioari lotutako auzia bere gain hartu du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epailearen kaltetan eta horregatik deklaratu beharko dute haren aurrean.
Zortzi horiez gain, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, hurrenez hurren, Kataluniako Batzar Nazionaleko presidentea eta Omnium Cultural elkarteko presidentea ere deklaratzera deitu ditu ostiralean. 09:30etik aurrera hasiko dira epailearen aurretik igarotzen.
Auzipetuak bermea ordainduta aske gelditzeko lehen pausoa izan daiteke. Izan ere, kartzelan daudenek Carmen Lamela epaileak agindutako espetxeratzeen kontra aurkeztutako helegiteetan, 155. artikuluaren aplikazioa onartu dute eta Auzitegi Goreneko epailearen aurrean deklaratzea eskatu dute. Pablo Llarenak eskaria onartu du.
Cuixart eta Sanchezen defentsak eta espetxean dauden kargugabetutako zortzi kontseilarien (Oriol Junqueras, Raül Romeva, Carles Mundo, Dolors Bassa, Jordi Turull, Josep Rull, Meritxell Borras eta Joaquim Forn) abokatuek bidalitako idatzietan, aske gelditzea eskatzen dute. Aske geldituz gero, abenduaren 21ean Kataluniako egingo diren hauteskundeetako kanpainan parte hartu ahal izango lukete, horietako asko hautagai izango dira eta.
Llarenak gaur goizean iragarri duenez, hamar lagun horiek abenduaren 1ean 09:30etik deklaratzera deitu ditu. Auzipetuez gain, Fiskaltza eta auzian parte hartu duten aldeak ere deitu ditu egun horretarako; hain zuzen ere, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta Mahaiko gainerako kideen defentsak.
Pablo Llarenak bidalitako zitazioetan jasotzen den informazioaren arabera, epailea ez da auziaren muinean sartuko; aitzitik, espetxeratze aginduaren inguruko baldintzak aztertuko ditu. Beste era batera esanda, argitu beharko du zergatik ez dagoen auzipetuek ihes egiteko, delituak berriro egiteko edota frogak suntsitzeko arriskurik. Behin auzia Pablo Llarenaren esku gelditu zenean eskatu zioten horiek guztiek aske uztea.