Politika -
Erabakia
Cubillasen estradizioa hasteko eskatu dio Fiskaltzak Velasco epaileari
Fiskaltzak Velasco epaileari bidalitako idatzian jasotzen denez, ez dago Cubillas Espainiaratzeko oztoporik.
Erredakzioa
Arturo Cubillas ETAko ustezko kidearen estradizioa tramitatzeko eskaera egin dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Eloy Velasco epaileari. Cubillas Venezuelan bizi da 2007tik, eta Hugo Chavez-en Gobernurako lan egiten du.
Fiskaltzak Velasco epaileari bidalitako idatzian jasotzen denez, ez dago Cubillas Espainiaratzeko oztoporik: "Cubillasek Venezuelako herritartasun izateak eta terrorismo delituengatik auzipetu izanak ez du estradizioa saihesten".
Bestalde, Velasco epaileak Cubillasen estradizioa eskatzen badu, Espainiako Gobernuak "berehala" tramitatuko duela adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak.
Venezuelako Gobernuarentzat aholkulari lanak egiten ditu Cubillasek. ''Imanol'' taldeko ustezko bi ETAko kidek esan zuten Cubillasek trebatu zituela armen erabileran.
Joan den martxoan Eloy Velasco epaileak ETA eta FARC taldeetako 12 kide, besteak beste, Arturo Cubillas, auzipetu zituen, eta horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen auto batean. Talde bi horien arteko "legez kontrako elkarlanaren" aurka Venezuelako Gobernuak emandako "laguntza" aipatzen zuen epaileak auto horretan.
Ismael Moreno Auzitegi Nagusiko epaileak kartzela-zigorra ezarri zien joan den urriaren 4an Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance ETAko Imanol komandoko kideei. Izan ere, 2008ko uztail eta abuztu artean, bi lagun horiek deklaratu zuten prestakuntza jaso zutela Arturo Cubillas ETAko ustezko kidearen eskutik.
Cubillas Venezuelako epaitegietan egon dela jakinarazi dio Atzerri Arazoetako Ministerioak Auzitegi Nazionalari txosten baten bidez; horren ostean, Fiskaltzak ETAko ustezko kidea Espainaratzeko eskatu du.
Venezuelako herritartasuna izatea "ez da eragozpena"
Epailearen arabera, "1999tik ETAko arduraduna izan da Cubillas Venezuelan, eta FARC eta ETA taldeen arteko harremanak koordinatu ditu".