Politika -
'El Pais' egunkarian
Otegi: 'Estrategia independentista eta indarkeria bateraezinak dira'
ETAren etorkizuna, indarkeria eta estortsioa hizpide, lehenago edo geroago legebiltzarkidea izango dela iragarri du El Pais egunkariak argitaratutako elkarrizketan.
Erredakzioa
"Independentzia bide baketsu eta demokratikoen bidez soilik lortuko da. Estrategia independentista eta indarkeria erabiltzea bateraezinak dira", adierazi du Arnaldo Otegi legez kanpo utzitako Batasuneko buruak El Pais egunkarian argitaratutako elkarrizketan.
Indarkeriaren arazoa eta gatazka politikoa elkarrizketa eta negoziazio bidez gaindituko dela esan du Otegik Madrileko Navalcarneroko kartzelatik. "Armak, arma guztiak, betirako desagertu behar dira euskal politikagintzatik", azpimarratu du.
Ezker abertzaleko bozeramailearen hitzetan, "ETAk bihar hilko balu, ezker abertzale aurka agertuko litzateke". Dena den, ETAk ekintza armatuen etena iragarri zuenetik egoera hori "nekez gertatuko da", Otegiren iritzian.
2011ko hauteskundeei buruz galdetuta, "PP eta PSOE dira hurrengo hauteskundeekin benetan itsututa daudenak", esan du Otegik. Horren aburuz, "gu ez legeztatzeko eta hauteskundeetara aurkeztea oztopatzeko arrazoi bakarra honakoa da: berriz agerian geratuko litzatekeela egon badagoela gehiengoa osatzen duen bloke herritar abertzalea eta autodeterminazioaren aldekoa".
Batasunaren zuzendaritza berrantolatzea egotzita kartzelan urtebete eman duenean, lehenago edo geroago "Ganberan gehiengoa duen talde independentista eta ezkertiarra" ordezkatuko duela iragarri du Otegik.
Azkenik, enpresaburuen estortsioa eta kale indarkeria gaitzetsi ditu. "Mehatxu eta jazarpen guztiak desagertu behar dira", esan du "zerga iraultzaile" izenaz ezagutzen dutenari buruz. Halaber, ezker abertzalea azken kale indarkeria kasuen aurka agertu izanak "bide baketsu eta demokratikoekiko konpromisoa" berresten duela adierazi du.