Politika -
Epaiketa
Francisco Granadosek informazioa jaso izana ukatu du
Bestalde, Granadosek aitortu egin du 1999 eta 2015 urteen artean Suitzan dirua izan zuela.
Agentziak | Erredakzioa
Francisco Granados Madrilgo kontseilari ohiak Punica auziaren lehen epaiketan deklaratu duenez, Jose Manuel Rodriguez Talamino guardia zibilak ez zion esan ikertua izaten ari zenik; era berean, esan du inork ez ziola esan David Marjalizaren enpresen inguruetan "inolako kamerarik jarri izan zituztenik".
Granadosek, asteazken honetan, Auzitegi Nazionalean azaldu duenez, 2014ren irailaren 5ean Talaminorekin topatu zen Valdemoroko (Madril) jaietan; bertan, auzi berean akusatua dagoen guardia zibilak herrian Polizia "lanean" ari zirela esan zion.
Azalpen horrek egonezina piztu ziola adierazi du Granadosek, "abisu-itxura" baitzuen. Hori dela eta, Talaminoren lagunari, Jose Luis Caro (akusatua ere) guardia zibilari deitu zion kontu hori argitzen saiatzeko eta Carok erantzun zion harritzen zitzaiola Talaminok halakorik esan izana eta "mozkor" izango zela.
Carorekin hitz egin eta sei minutura, Granadosek David Marjaliza ustelkeria sareko enpresariari deitu zion Talaminok aurreko gauean esandakoaz ohartarazteko.
Ildo horretan, Granadosen hitzetan, Marjalizak 2013. urtetik ikertua izaten ari zela kontatu zion, eta kontrol hori zela eta "neurriak hartu zituela" esan zion enpresariak, Auzitegi Nazionalak bere telefonoak kontrolatzen zituela baitzekien. Ondorioz, "bulegoko disko gogorrak ezabatu eta atzerrian zuen dirua erregularizatu" zuela esan zion, eta auzia Granadosekin zerikusirik ez zuela uste zuela esan zion.
Bestalde, Carmen Garcia Cerda Suitzan izandako diruaz galdetu dio. Granadosek aitortu egin du 1999 eta 2015 urteen artan Suitzan dirua izan zuela.
Era berean, Suitzan zuen diruarekin Marjaliza gelditu zela azaldu du Granadosek, eta egun ez Suitzan ez beste inon ere dirurik ez duela esan dio epaileari.