Politika -
37. URTEURRENA
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Jaime Arrese omendu dute
Talde politiko guztiek parte hartu dute lore eskaintzan eta bost minutuko elkarretaratze isilean, Komando Autonomo Antikapitalistek hil zutela 37 urte bete direnean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Jaime Arrese UCDko batzarkide ohiari omenaldia egin diote gaur, Komando Autonomo Antikapitalistek hil zutela 37 urte bete direnean.
Batzar Nagusietako talde politiko guztietako ordezkariak eta bertako langile talde batek parte hartu dute atarian egin duten omenaldi isilean.
Aurrez, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak lore sorta bat utzi dute batzarkide ohiaren omenez bertan jarrita dagoen plakaren aurrean.
Ekitaldian Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartu dute: Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Julio Astudillo (PSE-EE), Juantxo Iturria (Ahal Dugu), Xabier Olano (EH Bildu) eta Juan Carlos Cano (PP) buru zirela.
Lore eskaintzaren ostean, bertaratutakoek bost minutuko elkarretaratze isila egin dute. Amaieran, inork ez du adierazpenik egin nahi izan.