Politika -
Auzitegi Nazionalaren autoa
Hugo Chavezek ukatu egin du bere Gobernuak eta ETAk lotura dutela
Venezuelako presidenteak adierazi du ezin direla sinetsi bi "gaizkile odolzalek egindako adierazpenak". Izan ere, ETAko bi ustezko kidek ziurtatu dute herrialde horretan trebatu zituztela.
Erredakzioa
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak "gezurtatu" egin du gaur bere Gobernuak eta ETAk inolako lotura edo harremanik dutela, eta erakunde terroristaren bi "gaizkile odolzale"ri ezin zaiela sinetsi gaineratu du.
Venezuelako telebista-kate publikoan (VTV) telefonoz egindako elkarrizketa batean, Chavezek azaldu du Nicolas Maduro kantzilerrari (Atzerri ministroa) agiri bat publika dezan eskatu diola, ETAko bi ustezko kide Venezuelan trebatu zirela ukatzeko.
Izan ere, astelehen honetan, Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ziurtatu du joan den astean Gipuzkoan atxilotutako Javier Atristain Gorosabel eta Juan Carlos Besance Zugasti ETAko ustezko kideek ikastaroak jaso zituztela Venezuelan 2008 urtean, eta Arturo Cubillas ETAko kide erbesteratua izan zela horien irakaslea. Cubillas 1989an erbesteratu zuen Espainiak Venezuelara, bi herrialdeetako Gobernuen arteko akordio bat dela medio, eta egun funtzionarioa da Hugo Chavezen Exekutiboan.
Hori horrela, Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak azalpenak eskatu zizkion atzo Caracasi, bi herrialdeek terrorismoaren aurkako borrokan duten lankidetza akordioaren baitan, eta Venezuelako Exekutiboak "ukatu eta gezurtatu" egin du Auzitegi Nazionaleko epaileak esandakoa eta ETAren jarduna irmo gaitzetsi du.
"Venezuelako Gobernuak uste du ezin zaiela sinesgarritasunik eman giza kalitaterik eta kalitate moralik ez duten bi gaizkile odolzaleren adierazpenei", nabarmendu du Hugo Chavezek.
"Ez dago zalantzarik. Adierazpen horiekin, justiziak ezarriko dizkien zigorrak leuntzea izan dute helburu", ziurtatu du.