Politika -

Valentzia

Faxista talde batek eskratxea egin dio Monica Oltrari haren etxean

Jazarpen ekintza zuzenean eman du España 2000 eskuin muturreko ultra taldeak. Oltrak eskratxea salatuko du eta Valentziako alkateak neurriak hartzea eskatu dio Espainiako Gobernuaren ordezkariari.

Monica Oltraren etxe aurrean eskratxea egin du eskuin muturreko talde batek

1:03

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamar bat pertsonak osatutako faxista talde bat Monica Oltra Valentziako Gobernuko presidenteordearen etxean agertu da bart, aurpegia estalita, Espainiako bandera handi eta batasunaren aldeko esaldi batekin, independentista dela aurpegiratzeko.

Jazarpen ekintza zuzenean eman zuen España 2000 eskuin muturreko ultra taldeak, Facebooken duen kontuan, "Monica Oltra Valentziako Generalitateko presidenteordeari Eskratxea, Compromis els paisos Catalans babesten duen alderdi politikokoa' goiburuarekin.

Bideoan agertzen direnek aurpegia estalita dute, 'Scream' filmeko maskarekin. Eskuan zeramatzaten pankartan (Espainiako banderaren koloreekin) 'Gora Espainiaren batasuna' irakur zitekeen.

Bideoak 10 minutu inguruko iraupena du eta, lehen uneetan, pertsona talde bat Oltraren etxearen aurrealdera heltzen den momentua ikusten da. Inguru-zarataren artean, abesti pare bat entzuten da eta 'Gora Espainia'. Era berean, Espainiako ereserkia ere entzuten da, eurek ere abesten dutela.

Ekintzaren antolatzaileetako batek maskarak jartzeko esaten die gainerakoei eta, ondoren, Monica Oltra "lagunaren" etxearen aurrean daudela adierazten die.

Hizlari horren esanetan, leku horretara joan dira "Compromis CUPen marka zuria izan litekeelako" eta, ziurtatu duenez, "alaitasunez eta pasodoble batekin abisatzeko" egin dute ekintza.

Monica Oltra, gaur, hedabideen aurrean. Argazkia: EFE

Monica Oltra, gaur, hedabideen aurrean. Argazkia: EFE

Monica Oltra, gaur, hedabideen aurrean. Argazkia: EFE

Oltrak iragarri du dagoeneko eskratxea salatuko duela: "Faxista batzuek beldurtzeko egindako saiakera" izan da, eta "ez dute lekurik demokrazian".

Bestalde, Joan Ribo Valentziako alkateak Ser irratian adierazi du gertatutakoa kezkagarria dela "Konstituzioaren eskubideak urratu" dituztelako eta gogora ekarri du urriaren 9an ultra talde handi batek egindako erasoa. Hori dela eta, banda horiek kontrolpean izatea "garrantzitsua" dela azpimarratu du.

Hala, Espainiako Gobernuak duen ordezkariari neurriak hartzea eskatu dio. "Garrantzitsua da gorroto delituei epaitegietan aurre egitea, ez baita auzi judiziala bakarrik", esan du alkate valentziarrak.

Hainbat pertsona identifikatuta

Guardia Zibilak ikerketa abiarazi du faxistek egindako jazarpenagatik, eta zenbait pertsona identifikatu ditu.

Hala adierazi du hedabideen aurrean Juan Carlos Moragues Gobernu espainiarrak Valentzian duen ordezkariak, baina ez du zehaztu identifikatutako pertsona kopurua.

Moraguesek "eskuak oratuta" egotearen alde egin du, "erakundeen artean leialtasunez" jokatuz, eta tentsioa ez areagotzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainia albisteak Eguneko albisteak