Politika -

Operazioa, Gipuzkoan

ETAko 'Imanol' komandoko kideak Venezuelan trebatu ziren

Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance, joan den asteazkenean Villabonan eta Donostian atxilotutako lagunak, kartzelan sartzeko agindu du Auzitegi Nazionalak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance ETAko Imanol komandoko kideek prestakuntza jaso zuten Venezuelan, 2008ko uztail eta abuztu artean, Arturo Cubillas ETAko ustezko kidearen eskutik, Auzitegi Nazionaleko autoaren arabera.

Gaur, Aristainek eta Besancek, joan den asteazkenean Villabonan eta Donostian atxilotutako lagunak, Ismael Moreno epailearen aurrean deklaratu dute; epaileak Soto del Real (Madril) kartzelan sartzeko agindu du, talde terroristako kide izatea eta armak eta lehergaia edukitzea leporatuta.

2008an Venezuelara joan zirela aitortu diote biek epaileari, baina bakoitza bere kabuz joan zela azaldu dute. Han, pieza elektrikoak eta armak erabiltzeko ikastaroa egin zutela esan dute.

Ikerketaren arduradunen arabera, Mikel Carrera ''talde militar''eko buruak Venezuelara joateko agindu zien, Frantzian ez baitzuten praktikak armak erabiliz egiteko aukerarik.

Uztailean, Carrerak 2.000 euro eman zizkien Imanol komandoko bi kide horiei, bidaia ordaintzeko. 2008ko maiatzean Francisco Javier Lopez Peña Thierry-ri atzemandako dokumentazioan ''talde militar''ak Venezuelan antolatu beharreko ikastaro baterako aurrekontua agertzen zen.

Prestakuntza, Venezuelan

Venezuelara heldu zirenean, Arturo Cubillasek, egun Hugo Chavezen gobernuko Nekazaritza Ministerioan kargu bat daukan pertsona batek, harrera egin eta babesa eman zien.

Joan den martxoan Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Cubillas auzipetu zuen, ETAren eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen (FARC) arteko bitartekaria izatea egotzita; dena den, Venezuelako herritarra izanik, ezin izan dute estraditatu.

Jose Lorenzo Ayestaran (2010eko otsailean atxilotua) eta Iurgi Mendieta (2009an atxilotua) ETAko kideek irakatsi zieten pieza elektrikoak erabiltzen.

Lehen ikastaro horren ostean, Venezuelako zenbait herritarrek su-armak erabiltzen, muntatzen eta desmuntatzen irakatsi zieten, eta gero oihanera eraman zituzten, tiro egiten irakasteko.

Oihanean, trebatze saio bera lehenago hasi zuen txiletar talde batekin bat egin zuten.

Polizia operazioa

Joan den asteazkenean atxilotu zituzten gaur deklaratu duten bi pertsona hauek, Usurbilen eta Villabonan egindako polizia operazio batean; Jesus Maria Besance ere atxilotu zuten orduan, baina joan den igandean aske utzi zuten.

Inputatuak atxiloketak egin baino egun batzuk lehenago bildu ziren lehergaia desagerrarazteko, Ismael Morenoren autoaren arabera.

Otsailean Ibai Beobide atxilotu zutenetik, Atristainek eta Besancek ez zeukaten harremanik ETArekin, autoak dioenez, Beobidek Imanol taldea dinamizatzeko ardura zuen eta. Beobidek, Atristainek eta Besancek informazioa partekatu zuten, Irungo enpresaburu baten eta Villabonako ertzain baten aurka atentatzeko.

Halaber, Besancek 2002an Santa Polan bi heriotza eragin zituen atentatuan parte hartu zuela dio epailearen idatziak.

Epailearen aurrean egon aurretik, Atristain eta Besance abokatuekin egon dira, bost minutuz, eta tratu txarrak jaso dituztela adierazi dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea