Politika -
Bilboko martxaren ostean
Manifestazioan 'traidore espainiarrak' deitu izana kritikatu du EAJk
"Helburua eskubideak aldarrikatzea bazen, giza-eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak, EAJ lehenengo lerroan egongo da, bai bakarrik baita lagunduta ere", azpimarratu du Urkulluk.
Erredakzioa
Eskubide zibil eta politikoen aldeko Bilboko atzoko manifestazioan izan ziren EAJko kideei ''traidore espainolak'' deitu izana kritikatu du Iñigo Urkullu EBBeko presidenteak.
Bizkaiko Gueñes herriko batzokiaren inaugurazioan, Urkullu desengainatuta agertu da. Egitasmoaren helburua irailaren 11an debekatu zuten martxaren antolatzaileei, Adierazi EHri, "hitza ematea" bazen, atzoko manifestazioa deitu zutenek haiei hori "argi eta garbi" azaldu ez izana gaitzetsi du.
Atzoko manifestazioan parte hartu zuten batzuen helburua "jakin badakiela" adierazi du EAJko buruak, baina EAJri "pribatuan" zuzendu ziren antolatzaileek "manifestazioaren helburua zein zen argi ez esateagatik arduratuta" dagoela gaineratu du.
Urkulluk esan duenez, bazirudien EAJren presentziak bertan zeudenak "gogaitzen" zituela.
"Helburua eskubideak aldarrikatzea bazen, giza-eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak, EAJ lehenengo lerroan egongo da, bai bakarrik baita lagunduta ere", azpimarratu du Urkulluk.