Politika -

Larunbateko manifestaldia

Erakundeen edo Batasunaren artean aukeratzeko eskatu dio EAJri PSEk

Bozeramaile sozialistaren hitzetan, larunbat honetako manifestaldia "esparru soberanistako" lagun talde batek deitu zuen. Protestara ordezkaritza bat bidaliko duela iragarri du EAJk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon, larunbat honetan egin beharreko manifestaldira ordezkaritza bat bidaliko duela iragarri du EAJk, eta erabaki hori gogor kritikatu du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak. Horregatik, bakegintzan erakunde demokratikoen edo "Batasunako oinorddekoen" artean aukera egiteko eskatu die jeltzaleei ordezkari sozialistak.

Pastorren hitzetan, larunbat honetako manifestaldia "esparru soberanistako" lagun talde batek deitu zuen, "Manifestaldien debekuari ez. Inposaketarik eta indarkeriarik ez. Giza eskubideei eta eskubide zibil eta politikoei bai" lelopean.

Irailaren 11n bi martxa debekatu ostean, manifestaldi berri honek EA, Aralar, ezker abertzalea eta Alternatiba alderdi politikoen, eta ELA eta LAB sindikatu abertzaleen babesa jaso du. Bestalde, protestara ordezkaritzak bidaliko dituztela iragarri dute EBk eta EAJk.

Euskadiren eskubideak "babesturik" daude dagoeneko

Komunikatu baten bidez, Euskadiren eskubideak errespetatzeko eskatzea zentzurik ez duela esan du bozeramaile sozialistak, izan ere, dagoeneko "onarturik eta babesturik daude sistema demokratikoan, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan oinarriturik".

Pastorren ahotan, "ETAri, eta ez beste inori, eskubide horiek errespetatzeko eskatu behar diote, zuzenbidezko Estatuak ez dituelako mugatu, ETAk baizik; erakunde terroristak oinarrizko eskubideak mugatzen jarraitzen du".

Ezker abertzalearekin eta erakundeekin aldi berean izatea "ezinezkoa" dela gogorarazi du Pastorrek. "Zoritxarrez EAJren ohiko jarrera izan da", gaineratu du bozeramaile sozialistak.

PP

ETA gaitzesten ez dutenen "jokoan erortzen" ari da EAJ, Leopoldo Barreda PPko bozeramailearen esanetan. Ondorioz, jeltzaleen "akatsa" dela ziurtatu du Barredak.

"EAJren akats berri baten aurrean gaude", errepikatu du Barredak. "Debekatutako manifestaldien deitzaileei mesede egin nahi die manifestazio berriak, terrorismoa gaitzesten ez dutenei", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea