Politika -
Bitartekariek behin betiko su-etena eskatu diote berriro ETAri
Brian Currin Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak bost pertsonek osotutako Nazioarteko Kontaktu Talde baten sorrera iragarri du.
Erredakzioa
Bruselako Adierazpena bultzatu zuten nazioarteko bitartekariek "aldebakarreko su-eten egiaztagarri eta iraunkorra" berriro eskatuz erantzun diete ETAren azken komunikatuei.
Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta nazioarteko bitartekariak komunikatu baten bidez adierazi duenez, ETAren azken komunikatuen inguruko iritzia eskatu diete Bruselako Adierazpena sinatu zuten pertsona bakoitzari.
"ETAri martxoan Bruselako Adierazpenean egindako eskaria bere horretan mantentzen da: aldebakarreko su-eten egiaztagarri eta iraunkorra", izan da bitartekarien erantzuna.
Nazioarteko Harreman Taldea
"Munduko txoko ezberdinetako lagunek osatutako talde baten lana zaila eta gai hauetan azkar eta eraginkortasunez tartean sartzea beharrezkoa denez, bost pertsonako Nazioarteko Harreman Talde bat osatzea erabaki da, zenbait alderdirekin hitz egin ostean", jakinarazi du Currinek komunikatuaren bidez.
Talde horri buruzko zehaztasunik ez du eman bitartekari hegoafrikarraren komunikatuak, baina taldekideen nortasuna, "agintaldia eta papera" urrian jakitera emango dituztela iragarri du.