Politika -
Gernikan
'Behin betiko su-eten egiaztagarria' eskatu du polo soberanistak
Legez kanpo dagoen ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta hainbat eragile sindikal eta sozial izan dira 'Bake bidean, aterabide demokratikoen akordioa' testua sinatu dutenak.
Erredakzioa
Legez kanpo dagoen ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta hainbat organizazio sindikalek eta sozialek 'Bake bidean, aterabide demokratikoen akordioa' testuarekin bat egin dute "Euskal Herriak gatazka politikoa eta norgehiagoka bortitza bake eta konponbide demokratikoetarantz abiatzeko aukera" duelako. Horretarako beharrezko ikusten dute "ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa."
Testua, 'Bake bidean, aterabide demokratikoen akordioa' deiturikoa, Gernikan (Bizkaia) aurkeztu dute babestu duten zenbait eragile eta organizazio sozial eta sindikalekin batera.
Rufi Etxebarria ezker abertzalearen ordezkaria; Peio Urizar EAren presidentea; Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia eta Oskar Matute Alternatibaren bozeramailea, besteak beste, egon dira dokumentuaren aurkezpenean.
Testuak ere eskatzen du "inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa"; era berean, "eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako", eskatu dutenez.