Politika -
Larunbatean Bilbon
Gure Esku Dagok erreferendumaren aldeko mobilizazio handia eskatu du
Plataformak uste du Euskal Herriaren etorkizuna ere badagoela "jokoan". EAJk, EH Bilduk, ELAk eta LABek ere bat egin dute Bilboko manifestazioarekin.
agentziak | erredakzioa
Gure Esku Dago plataformak parte-hartze "jendetsua eta askotarikoa" eskatu du Kataluniako erreferendumaren alde larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan, eta azpimarratu du Euskal Herriaren etorkizuna ere badagoela "jokoan" prozesu horretan.
Kolektiboak gaur Gasteizen eman duen prentsaurrekoan salatu duenez, "onartezina" da Espainiako Estatuak urriaren 1eko kontsultari eman dion erantzuna.
Plataformaren arabera, erreferendumak "zilegitasun" guztia du, eta espero du larunbateko manifestazioan jende asko eta askotarikoa izatea.
"Gure egiten dugu Kataluniaren aldarrikapena eta demokraziaren aldarrikapena" adierazi du Zelai Nikolas bozeramaileak. Gure Esku Dagoren ordezkariak azpimarratu du Euskal Herrian ere "erabakimenaren bidean aurrera" egin nahi dutela, "herritarrei entzuten dien demokrazian" sinesten dutelako, eta "gure etorkizuna ere jokoan dagoelako".
Kataluniako herritarren % 80k erreferenduma egin nahi duela gogorarazi du, eta azpimarratu, kontsultak "posible" izan behar duela.
EAJ, EH Bildu, ELA eta LAB
Eragile sozial eta politiko batzuk ere bat egin dute deialdiarekin. Hala, EAJk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako buruak bidaliko ditu bertara. Jeltzaleek zehaztu dute ez dietela sekula militanteei manifestazioetan parte hartzeko eskatzen, eta afiliatuek euren erabakia hartuko dutela.
EH Bilduk eta Sortuk ere iragarri dute bertan izango direla, eta ezker abertzaleak gogor kritikatu du EAJren jokabidea, PPren Gobernua babesten duelako.
Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek manifestazioan parte hartzeko eskaera egin dute.