Politika -
Politika Orokorreko Bilkura
Patxi Lopez: "Behin betiko askatasuna ukitzen ari gara hatz puntekin"
Lehendakariak ETAren "amarruetan ez erortzeko" deia egin du, azken agirietan "ez dela desagertu eta ez duela indarkeria baztertu" esan duelako.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak "azken esfortzu bat" eskatu du Eusko Legebiltzarrean, "behin betiko askatasuna eta indarkeriaren amaiera hatz puntekin ukitzen ari gara eta". Gainera, ETAren "amarruetan ez erortzeko" deia egin du, azken agirietan "ez dela desagertu eta ez duela indarkeria baztertu" esan duelako.
Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Bilkuran lehendakariak azaldu duenez, "ETAren terrorismoaren kontrako borroka irabaztear gaude". "Gure herriko kaleek eta plazek askatasuna berreskuratu dute. Indarkeriazaleen inpunitatea amaitu da. Toki publikoak totalitarismoaren eta terrorearen esku bahituta egon dira luzaroan, baina demokraten esku daude gaur egun", adierazi du.
Lehendakariaren arabera, "euskal gizarteak aurrerapauso bat eman du terrorismoari eta kale indarkeriari aurre egiteko". "Sendotasun demokratikoa eta tolerantziarik eza erakutsi dut hasiera-hasieratik terrorearen kontra; legea babestu eta totalitarismoari eta indarkeriari zilegitasuna ematen dietenen jarrera eta ideiak salatu ditut", azpimarratu du.
Lehendakariak zehaztu duenez, Jaurlaritzak "jarrera argia eta lidergo sendoa izan du ETA amaitzeko". "Euskal gizarteak eskatzen zuen eta, orain, gizartearen gehiengo zabalak babesten du Jaurlaritzaren terrorismoaren kontrako politika. Lehenengo hilabeteetan batzuek ulertzen ez zuten arren eta kritikak jaso bagenituen ere, ia alderdi guztiek egin dute bat esfortzu kolektibo honekin", gaineratu du.
Patxi Lopezen ustez, "esfortzu horri esker" lortu da, "zuhurtzia handiz bada ere, behin betiko askatasuna eta indarkeriaren amaiera hatz puntekin ukitu ahal izatea". "Hori dela eta, azken esfortzu bat, batasuna eta irmotasuna, eskatzen dizuet", adierazi du.
Horren harira, lehendakariak uste du "kontziente" izan behar dela "uste sendoek, legearen defentsak eta komandoen eta terroristen eremuen kontrako borrokak lortu dutela ETA ahultzea".
Desagerpena izango litzateke albiste onena
Lehendakariak esan du "denoi" gustatuko litzaigukeela ETAk desagertzea erabaki duela entzutea, "hori da gehien gustatuko litzaigukeena". "Baina azken agiriek diote ez dela desagertu, ez duela indarkeria baztertu eta gure etorkizuna baldintzatzen jarraitu nahi duela", azpimarratu du.
Lehendakariaren esanetan, "ETAk, beste behin ere, nahastu egin nahi gaitu ardura beste batzuk har dezagun, guk eman ditzagun berak eman nahi ez dituen pausoak, baina ez gara amarruan eroriko".
"Agiriak baliagarriak izan daitezke ETAk eta Batasunak dituzten arazoak konpontzeko, baina aldi honetan horretarako ere ez duela balio izan pentsatzen dut. Erradikalen munduak jakin behar du bide bakarra ETA baztertzea eta hura desagertzeko lan egitea dela", berretsi du.
Patxi Lopezek azpimarratu du orduan egongo direla "gertu" hainbeste "deseo ditugun titularrak: Askatasuna lortu dugu, ETA joan egin da". Jose Antonio Labordeta hil berriari omenaldia egite aldera, haren hitzak hartu ditu gogoan: "Habrá un día en que todos, al levantar la vista, veremos una tierra que ponga libertad" (Egunen batean, begiak altxatu eta askatasunaren herria ikusiko dugu).
Horren harira, lehendakariak esan du "herri horrek" baduela izena, "Euskadi" duela izena. "ETAren aurrean Askatasunak irabazi duela esango dugu, euskal gizartean aurre egin zioten asko zeudela, isilarazitako askatasuna salatu zutela behin eta berriz biktimek. Euskal herritarrok legea eta demokrazia babestu ditugulako gailenduko gatzaizkio. Herritarrok, azkenean, askatasuna lortzeko bidea batasuna dela ohartu gara. Sendotasun horrekin terrorearen kontrako horma altxatu dugu", azaldu du Patxi Lopezek.
"Odolarekin zikindu gabeko oso egun gutxi daude"
Egutegian "odolarekin zikindu gabeko oso egun gutxi" daudela esan ondoren, "erakunde guztiek azaroaren 10a memoriaren egun izendatzea" adostu dutela gogorarazi du.
"Pairatutako terrorea ahaztu ez dadin. Denak ekarri nahi ditut gogora: ertzainak, poliziak, guardia zibilak, epaileak, alderdietako militanteak, kazetariak, enpresariak eta terrorearen mehatxupean bizi diren pertsona guztiak. Haien mina da gure bizitzaren iturria", aldarrikatu du lehendakariak.
Patxi Lopezek esan du "totalitarismoari memoriarekin eta askatasunarekin" irabazten zaiola, eta azpimarratu du amaitu berri den kurtsoa "ona" izan dela, "askatasun uzta onekoa" izan dela, alegia.
"Eta inork pentsatzen badu hitz hutsak direla, ezereza ezkutatzeko erretorika dela, oker dago. 80 terrorista edo ETAri lotutako pertsona atxilotu dituzte. ETAren buruzagitza behin baino gehiagotan desegin dute. Zuloak aurkitu dituzte. Espainiako eta Frantziako gobernuekin, poliziekin eta botere judizialarekin elkarlanean aritu gara", lehendakariak zehaztu duenez.
Era berean, Ertzaintzaren lana azpimarratu nahi izan du, "beste behin ere profesionaltasuna" erakutsi duelakoan.
Aurretik esandako guztia kontuan izanda, lehendakariak uste du "hatz puntekin ukitzen" ari direla "behin betiko askatasuna". "ETA iraganean desegiten ari da. Mila aldiz errepikatutako ametsa da, gure gurasoek diktaduraren amaierarekin amesten zuten bezala. Lehenbailehen ETArik gabeko Euskadi bat ezagutzea da gure helburua. Ezer ez da berdin izango", jarraitu du lehendakariak.
Une hori iristen denean, Patxi Lopezek esan du ez dituztela ahaztuko "hildakoak, erasoak jasan dituztenak edo mehatxupean egon direnak, gure askatasunaren parte izango baitira". "Eskaintza onena emango diegu: herritar libre eta solidarioak dituen Euskadi moderno bat eraikiko dugu".
Herritarren segurtasunaHelburua "terrorismoa betiko amaitzea bada ere", Patxi Lopezek esan du herritarren segurtasuna "alor guztietan" indartu nahi dutela, hau da, "segurtasun pertsonalean, ondasunen segurtasunean, errepideko segurtasunean, etab.".
"Hori dela eta, iragartzen dizuet Herrizaingo sailburuak Ertzaintza Berrantolatzeko eta Berritzeko Egitasmoa aurkeztuko duela gutxi barru Legebiltzarrean. Helburua herritarrei zerbitzua emateko agente gehiago izatea izango da", azaldu du lehendakariak. Gainera, datorren urteko ekainerako "8.000 ertzain" egongo direla jakinarazi du.
Dena dela, Jaurlaritzaren "jomuga terrorismoa amaitzea izan denez, terrorismoaren kontrako taldea" eratu zutela gogorarazi du Patxi Lopezek eta talde hori Terrorismoaren Kontrako Koordinazio Zentro Nazionalean sartuz, "Ertzaintza Hendaian, Espainiako eta Frantziako poliziekin elkarlanean", dagoela goraipatu du.