Politika -
PSOE-REN PROPOSAMENA
Jaurlaritzak begi onez ikusten du estatu ereduari buruzko batzordea osatzea
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak egindako proposamenari buruzko bere iritzia eman du Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusten du Estatu autonomikoaren egungo eredua aztertzeko eta berrikusteko, PSOEk Diputatuen Kongresuan batzorde bat osatzeko egindako proposamena.
"Katalunia, Euskadi edota nazio identitatea aldarrikatzen duen ororentzat positiboa da eredu autonomikoaren berrikusteko oinarriak jartzea", nabarmendu du Erkorekak. Dena den, onartu du oraindik orain ez dakiela gisa horretako proposamen batek zer bide egin dezakeen.
Asteartetako Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Kongresuan estatu ereduari buruzko batzordea osatzeko Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak atzo egindako proposamenaz mintzatu da Josu Erkoreka.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Estatuaren ereduaz eztabaidatzeko prest agertu da.
Bestalde, Josu Erkorekak aitortu du oraindik ez duela Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin bilera baterako hitzordurik jarri, autogobernuaz eta oraindik eskualdatu gabeko eskumenez aritzeko (Gizarte Segurantza eta kartzela politika, kasu).
Uztailaren amaieran, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen arteko bilera diskretu batean, Erkoreka eta Saenz de Santamaria abuztuaren amaieran edota irailaren amaieran bilera batean elkartzea adostu zuten. Erkorekaren esanetan, Urkulluren Gobernuak ez dauka bilera hori bi asteko epean egiteko 'aparteko premiarik', baina ez du 'sine die' luzatzerik nahi.