Politika -

PROZESU SOBERANISTA

Aldebakarreko prozesu soberanista proposatu dute ELAk eta LABek

Bi sindikatuek borroka horrekin bat egiteko dei egin diote ezker politikoari.

Adolfo 'Txiki' Muñoz eta Garbiñe Aranburu, hurrenez hurren, ELAko eta LABeko idazkari nagusiak. EFE
Adolfo 'Txiki' Muñoz eta Garbiñe Aranburu, hurrenez hurren, ELAko eta LABeko idazkari nagusiak. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan alde bakarreko prozesu soberanista soziala martxan jartzea proposatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Ildo horretan, ezker soberanistarekin aliantza eginez prozesu hori bultzatzea iradoki dute, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak prozesua aktibatzeko borondaterik ez dutela iritzita.

Adolfo 'Txiki' Muñoz eta Garbiñe Aranburu ELAko eta LABeko idazkari nagusiek bi sindikatuek elkarlanean egindako dokumentua aurkeztu dute, gaur goizean, Bilbon. Dokumentu horretan, arlo soziolaboralean eta sozioekonomikoan eskumen osoak izango dituen "estatus politiko berri" baten beharra azpimarratu dute.

ELAko idazkari nagusiak "prozesu soberanista" martxan jartzea defendatu du eta hori posible egingo duten "ezkerreko aliantzak" osatzea proposatu du. Helburu hori lortze aldera, gaur egun ezker politikoaren eta mugimendu sindikalaren artean ez dagoen dialektika eraiki behar dela nabarmendu du.

'Txiki' Muñozen esanetan, euskal eskuinak (EAJri eta PSE-EEri erreferentzia eginez) ez du prozesu soberanista ireki nahi. Ez diote Estatuari aurre egin nahi, hain zuzen ere, egoera horretan izugarri eroso daudelako". "Ez dute nahi eta ez dute lan harremanen euskal markoaren alde borrokarik egiten", zehaztu du. "Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuek egiten dituzten enplegu politikak PPk Espainian egin eta erabakitzen dituenak dira", gaineratu du.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkariaren esanetan, EAJk ez dauka Euskadin prozesu soberanista bultzatzeko borondaterik, haren esanetan, egungo marko juridiko politikoan errazagoa baitzaio bere politika ekonomikoari eustea. Aranburuk bere babesa eskaini dio urriaren 1eko Kataluniako erreferendumari eta, haren esanetan, Kataluniako prozesuak argi utzi du aldebikotasuna ez dela posible PPren Gobernuarekin.

ELAk eta LABek adostu dutenez, etorkizuneko marko juridikoan ezin du azken hitza Estatu espainiarrak izan. Bi sindikatuen arabera, "gezurra" da Estatu espainiarrarekin aldebiko harremana posible dela esatea eta Katalunia jarri dute adibide.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Gaurko azken orduko albistea