Politika -
Ekinen aurkako operazioa
Bederatzi atxilotuak Guardia Zibilaren kuartelean dituzte
Denak Madrilera eraman zituzten atzo, epailearenera noiz eramango zain. Atxiloketek bakerako bidea 'oztopatzen" dutela uste dute atxilotuen senideek.
Erredakzioa
Ekineko zuzendaritza osatzea atzo Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Aragoin atxilotutako bederatzi pertsonek lehen gaua pasatu dute gaur Guardia Zibilak Madrilen duen kuartel batean.
Une honetan inkomunikatuta dituzte, Fernando Grande-Markaska Auzitegi Nazionaleko epailearenera noiz eramango zain. Seguru aski larunbatean eramango dituzte, hau da, inkomunikazio epea (bost egun) amaitutakoan.
Atzo eraman zituzten Madrilera, baina, aldez aurretik, agenteek 28 etxebizitza eta lokal miatu zituzten, atxilotuak aurrean zituztela.
Polizia operazio honekin (lehenengoa ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki duela iragarri zuenetik), Barne Ministerioak "desegin"tzat jo du Ekinen "zuzendaritza nazional berria".
2007 urtean, Ekin ETAren "erraiak eta bihotza" dela eta "borroka armatuaren" osagarri izatea duela helburu ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak azpimarratu du operazioarekin kolpe handia eman diotela ETAren "gizarte mobilizazio gaitasunari", izan ere, atxilotuek "ezker abertzalea zuzentzen" zutela uste dute. Hain zuzen ere, "ETAren komisario politikoak" izatea egozten diete.