Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ares: 'Zuzenbidezko Estatua su-etenean ez dagoela baieztatu da'
"Terrorismoaren aurkako politikan aldaketarik izango ez" dela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak.
Erredakzioa
Ekineko zuzendaritza osatzea egotzita gaur bederatzi lagun atxilotu ostean "Zuzenbidezko Estatua su-etenean ez dagoela baieztatu da", Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren ahotan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Zuzenbidezko Estatua eta gobernuak "su-etenean" ez direla adierazi du sailburuak, eta "terrorismoaren aurkako politikan aldaketarik izango ez" dela erantsi du.
Aresen hitzetan, "legez kanpoko erakunde baten egitura berriz osatu nahi duen jendea dagoenean, pertsona horiek Justiziaren esku utzi eta atxilotu behar dira, ETAri babesa emateko legez kanpoko egitura bat ezin daitekeelako mantendu".
Nahiz eta ETAk "eraso ekintzen" etetea iragarri azken komunikatuan, "Zuzenbidezko Estatuaren defentsa edo Poliziaren ekintza terroristen aurka ez da murriztuko", sailburuaren esanetan.
ETA "ez da desagertu oraindik" eta "azken iragarpena ez da nahikoa", gogorarazi du Exekutiboko ordezkariak.
Eguiguren
ETAren amaiera lortzeko lehendakariaren protagonismo handiagoa eskatu zuen Jesus Eguiguren PSEko presidenteak. Adierazpenek Gobernuan haserrea eragin ez dutela azaldu du Aresek.
Patxi Lopez lehendakaria "lehenengo momentutik" terrorismoaren aurkako politikaren buru izan da eta Eguiguren eta "guztiak defendatzen ari garena, ETAk eta ezker abertzaleak erabakiak hartzea da", gaineratu du.