Politika -

Polizia operazioa

Guardia Zibilak atxilotu egin du Ekineko zuzendaritza berria

- Bederatzi pertsona atzeman dituzte Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Aragoin.

- Honakoa lehen operazioa izan da ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki duela iragarri zuenetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak bederatzi pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean Euskadin, Nafarroan, Aragoin eta Kantabrian, Ekineko zuzendaritza osatzea egotzita, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak baieztatu duenez.

Operazio honekin, Ministerioak "desegin"tzat jo du Ekineko zuzendaritza nazional berria. Nolanahi ere, operazioa oraindik zabalik dagoela gaineratu du, eta hortaz, baliteke atxiloketa gehiago egitea.

2007 urtean, Ekin ETAren "erraiak eta bihotza" dela eta "borroka armatuaren" osagarri izatea duela helburu ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak.

Honakoa lehen polizia operazioa da duela astebete baino gehiago ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki zuela iragarri zuenetik. Horren aurrean, Francisco Caamaño Justizia ministroak azaldu duenez, Gobernuak ez du "aldatu" jarrera.

Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa, eta Estatuko Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) ere hartu du parte, informazioa emanda.

Atxilotutakoak

Barne Ministerioaren arabera, Eneko Compains Silva Cariñenan (Zaragoza) atxilotu dute, bizitokia Nafarroan badu ere. Guardia Zibilak uste du atxilotuen burua zela.

Nafarroan bi pertsona atzeman dituzte: Rosa Iriarte laset (Iruñea) eta Joxe Aldasoro Jauregi, Juan Kruz Aldasoro Herri Batasuneko mahaikide historikoaren anaia. Juan Kruz ere atxilotu dute, Etxarrin egindako miaketa batean tentsio uneak izan ondoren. Desordena publikoak egitea egotzi diote.

Bizkaian bi izan dira atxilotutakoak, Sandra Barrenetxea Diez (Bilbo) eta Erika Bilbao Barcena (Erandio).

Donostian, Urko Aierbe (Egia) eta Ugaitz Elizaran Aguilar (Intxaurrondo) atxilotu dituzte. Azken horri sei urteko zigorra ezarri zion Gorenak Segiko kide izatea egotzita, eta Aitor Elizaran ETAko talde politikoaren buru ohiaren anaia da.

Gasteizen, Egoitz Garmendia Vera atzeman dute.

Azkenik, Nojan, Aniaitz Ariznabarreta Ibarluzea atxilotu dute. Eibarkoa (Gipuzkoa) da, baina egun batzuk pasatzen zegoen Kantabrian.

Miaketak

Atxiloketak 02:30ean egin dituzte eta, ondoren, Guardia Zibila atxilotuen etxeak miatzen hasi da. Operazioak goiz osoa iraun du, orotara 28 miaketa egin baitituzte, tartean bi herriko taberna eta gaztetxe bat. Orain, aurkitutako materiala ikertuko dute, Barne Ministerioak iragarri duenez.

Leioan (Bizkaia), Guardia Zibilak Herriko Taberna bat miatu du, eta Erika Bilbao eraman dute, miatzen ari ziren bitartean bertan izateko.

Sandra Barrenetxea aurrean zela, bi etxe arakatu dituzte Bilboko Juan Garai kalean.

Eibarren ere beste hiru etxe miatu dituzte, Aniaitz Ariznabarreta bertan zela.

Egoitz Garmendia Otxandiora (Bizkaia) eraman dute, lokal bat arakatzeko.

Erandion (Bizkaia) atxilotutako baten etxebizitza miatu dute. Lekukoen testigantzak aipatuta Europa Pressek jakinarazi duenez, agenteek paper ugari eraman dituzte lau kutxatan. Tentsio uneak ere izan dira, atxilotuaren senideak ezin izan baitira sartu etxean.

Ekinen aurkako prozesua

Auzitegi Nazionalak 52 auzipetuetako 47 zigortu zituen 2007ko abenduan, Ekin, KAS eta Xaki erakundeen aurkako prozesuan, eta 2 eta 24 urte arteko zigorrak ezarri zizkien.

Nolanahi ere, iazko maiatzean Auzitegi Gorenak 9 absolbitu egin zituen, eta gainerakoei zigorrak nabarmen arindu zizkien, bati izan ezik.

Segurtasun Indarren arabera, gaur atxilotutakoak duela hiru urte kartzelatutakoen ordezkoak izan litezke.

Elkarretaratzeak

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu EAEko hiru hiriburuetan eta Eibarren (Gipuzkoa) arratsalderako, asteazkenerako eta ostiralerako, atxiloketen kontra protesta egiteko.

Mobilizazioek asteazken honetan jarraituko dute. Donostian eta Gasteizen manifestaldiak deitu dituzte 20:00etan, Eibarren batzarra eta elkarretaratze bat Bilbon (19:30ean).

Ordu berean manifestazioa egingo dute Bilbon, ostiralean, PSEko egoitzaren aurrean amaituko delarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea