Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
EAJ ez da joango baina defendatu egin du 'manifestazio eskubidea'
Iñigo Urkulluk iragarri du ez direla joango larunbateko martxara, baina manifestazioa egiteko eskubidea defendatu du, Auzitegi Nazionalak lehen deialdia debekatu eta gero.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak iragarri du alderdi jeltzaleak ez duela parte hartuko biharko Bilbon deituta dagoen martxan, baina defendatu egin du "manifestazio eskubidea", Auzitegi Nazionalak Adierazi Euskal Herria plataformaren deialdia debekatu eta gero.
Dena dela, gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Urkulluk esan du EAJ ez dagoela "gonbidatuta" martxara eta, orokorrean, ez direla joaten beste alderdiek edo eragileek deitutako manifestazioetara.
Auzitegi Nazionalak lehen deialdia debekatu ostean, Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak (EA) beste bat erregistratu zuen.
ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egitea iragarri izanaren inguruan, buruzagi jeltzaleak adierazi du ez dagoela "su-eten adierazpen argia" eta oraindik ere "estortsio gutunak" daudela. "Hori xantaia da; terrorismoa, beraz", nabarmendu du.
Halaber, "bere buruari ezker abertzalea deitzen dion" horren "helburu politikoa" EAJ "ordezkatzea eta gainditzea" dela nabarmendu du. "Helburu zilegia da eta guk beste alderdien estrategiak aztertzen jakin behar dugu, ezker abertzalearenak barne", gaineratu du.
Larreina: Beste debeku bat, beste deialdi bat
Bestalde, Rafa Larreina Eusko Alkartasuneko buruzagiak ziurtatu du justiziak manifestazioaren bigarren deialdia debekatuko balu, beste deialdi bat egingo luketela, eta horrela behin eta berriro.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Larreinak azaldu du bi martxen helburua "euskal herritar guztien eskubide sozialak eta politikoak aldarrikatzea" dela, eta eskubide hori ezin dela "isilarazi".
EAko kideak bozeramaile lanak egin ditu Adierazi EH plataformarentzat.