Politika -
Debekuaren ostean
Beste manifestazio deialdi bat erregistratu du Intxaurragak (EA)
Protesta 17:00etan egitekoa da larunbatean, Bilbon, Adierazi EH plataformak deitutakoaren ordu berean. Plataforma horrek deitutako manifestaldia debekatu egin du Auzitegi Nazionalak.
Erredakzioa
Sabin Intxaurraga Eusko Alkartasuneko sailburu ohiak eta atxikitze politikorik gabeko pertsona batek beste manifestazio bat deitu dute larunbaterako (17:00etan) Bilbon, Adierazi EH plataformak aurretik deitutakoaren ordu berean. Adierazi EH plataformak deitutako protesta debekatu egin du Auzitegi Nazionalak.
Deitzaileen iturriek Europa Press albiste-agentziari jakitera eman diotenez, manifestaldi berriaren deialdia arratsaldean aurkeztu dute formalki Herrizaingo Sailean eta ibilbidea zein leloa aldatu dituzte.
Lehenxeago, "manifestazioa egin egingo" dela esan du Rafa Larreinak (EA), Adierazi EH plataformaren izenean. Auzitegi Nazionalak Bilboko protesta debekatzea erabaki du gaur eguerdian, baina bigarren deialdi bat egiteko tramiteak egiten ari direla iragarri dute deitzaileek.
Deitzaileen izenean, 100 bat lagunek agerraldia egin dute Bilbon manifestazioari atxikimendua emateko. Besteak beste, Larreina, Jone Goirizelaia eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari orokorra izan dira.
Rafa Larreinaren hitzetan, atxikimendua eman duten 42 alderdi politiko eta erakundeak isilaraztea "ezinezkoa da". Horregatik, herritarrei "mobilizatzeko" deia egin die, "indarrez berritutako" bigarren deialdi bati begira.
Auzitegi Nazionalaren debekua goizean jaso dute, eta orain bigarren deialdi bat egiteko tramiteak aztertzen ari dira. "Legea betez jokatuko dugu", esan du; beraz, "manifestazioa egin egingo da" berretsi du Larreinak.
"Manifestazio eskubidea eta 42 alderdi eta erakundeen konpromezua ezin dute isilarazi eta aurrera joango da. Eskubide demokratikoa da, eta ezin da onartu hura ukatzea", gaineratu du.