Politika -
Adierazi EH
Bilboko manifestazioa 'egin egingo' da, esan dute deitzaileek
Rafa Larreinaren (EA) hitzetan, atxikimendua eman duten 42 alderdi eta elkarteak "isilaraztea" ez dute lortuko.
Erredakzioa
Larunbateko "manifestazioa egin egingo da" esan du Rafa Larreinak (EA), Adierazi EH plataformaren izenean. Auzitegi Nazionalak Bilboko protesta debekatzea erabaki du gaur eguerdian, baina bigarren deialdi bat egiteko tramiteak egiten ari direla iragarri dute deitzaileek.
Deitzaileen izenean, 100 bat lagunek agerraldia egin dute Bilbon manifestazioari atxikimendua emateko. Besteak beste, Larreina, Jone Goirizelaia eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari orokorra izan dira.
Rafa Larreinaren hitzetan, atxikimendua eman duten 42 alderdi politiko eta erakundeak isilaraztea "ezinezkoa da". Horregatik, herritarrei "mobilizatzeko" deia egin die, "indarrez berritutako" bigarren deialdi bati begira.
Auzitegi Nazionalaren debekua goizean jaso dute, eta orain bigarren deialdi bat egiteko tramiteak aztertzen ari dira. "Legea betez jokatuko dugu", esan du; beraz, "manifestazioa egin egingo da" berretsi du Larreinak.
"Manifestazio eskubidea eta 42 alderdi eta erakundeen konpromezua ezin dute isilarazi eta aurrera joango da. Eskubide demokratikoa da, eta ezin da onartu hura ukatzea", gaineratu du.