Politika -

Erabakia

Auzitegi Nazionalak debekatu egin du Bilboko manifestazioa

Ismael Moreno epailearen ustez, protesta egitekotan baliteke "terrorismoa goratzea". Deitzaileak "Batasunaren oinordekoak" direla nabarmendu du, eta ETAren "aginduak" jarraitzen dituztela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin du larunbaterako Bilbon egitekoa zen manifestazioa, protestan zehar "terrorismoa goratu dezaketelako". Epailearen aburuz, deitzaileak (Adierazi EH plataforma) Batasunaren "oinordekoak" dira, eta ETAren "aginduak" jarraitzen dituzte.

Morenok bidalitako autoan aipatzen denez, manifestazioaren "helburu bakarra" ETAren estrategia eta ekintzak babestea da. Epaileak "manifestazioa egiten ez dela ziurtatzeko neurriak" hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari eta Estatuko Segurtasun Indarrei.

Manifestazioak honako hauen atxikimendua jaso du: Aralar, EA, ezker abertzalea, Alternativa, Lokarri, ELA eta LAB. Arratsaldean, Adierazi EHko ordezkariek agerraldia egingo dute.

Aralarrek beste martxa bat deituko du, premiaz

Auzitegi Nazionalak datorren larunbatean Bilbon izan behar zen manifestazio debekatu duela jakin aurretik, Jon Abril Aralarreko ordezkariordeak bere alderdiak alderdi politiko eta gizarte eragile desberdinak beste manifestazio bat egiteko deituko dituela esan du.

Donostian egin duen agerraldi batean, Abrilek Estatuko aparatu politikoari eta judizialari "hausnarketa egitea", "jarrera aldatzea" eta manifestazio bat debekatzeak dakarren "eskubide urratzeari" amaiera jartzea eskatu die.

Horrez gain, Abrilek adierazi du Aralarrek "premiazko manifestazio" baten deialdia eginez gero ekimena babestuko lukeela eta alderdiaren nahia Estatuak "arrazoitzea" eta Fiskaltzaren eskaera "alde batera uztea" dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea