Politika -
Elkarrizketa ETBn
Ares: 'Erritmoa ETAk markatzen du, ez Batasunak'
Era berean, Rodolfo Aresek esan du "egia" dela ezker abertzaleak "tokia hartzeko asmoa" duela eta "ETAk jarduera terrorista uztea" nahi duela, "baina oraindik ez dute horrelakorik lortu".
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ETAk zabaldutako bideoa aztertu eta gero adierazi du erakunde armatua dela "erritmoa markatzen duena eta ez ezker abertzale erradikala".
Gauzak horrela, Joseba Egibarrek atzo egindako adierazpenak kritikatu ditu; Gipuzkoako EAJren presidentearen iritzian, "ezker abertzaleak agintea hartu lehendabizikoz eta ''hau amaitu da'' esan du".
Aresen arabera, "ETAren komunikatua aintzat hartuta, badirudi ETAk berak markatzen dituela erritmoak eta norabidea". Nolanahi ere, "egia da Batasunaren munduan tokia hartzeko asmoa dagoela eta ETA jarduera terrorista uztera behartu nahi dutela, baina oraingoz ez dute lortu".
Herrizaingo sailburuak nabarmendu duenez, ETAk atentatuak egiteari utziko ziola aipatzen zuen bideoan, "baina ez zuen ezer esaten beste ekintza terroristen inguruan, alegia, berrantolatzeari edo berriz armatzeari buruz". Hori dela eta "demokratentzat ez da nahikoa", esan du.
ETAren iragarpenaren ondoren EAEn eskolta duten lagunen segurtasunean aldaketarik egin dela baztertu du Aresek. Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, maiz babestuen egoera berrietara egokitzeko egiten dira aldaketok, eta beraz, ez du ETAren iragarpenarekin "zerikusirik".
Larunbateko manifestazioa
Bestalde, Herrizaingo sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Nazionalak larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioaren inguruan hartzen duen erabakia "ontzat" hartuko duela.
ETBri eskainitako elkarrizketan, Auzitegi Nazionalak agintzen dituen "beharrezko segurtasun neurriak" jarriko dituela erantsi du Aresek. Horren ildoan, manifestazioa egiten bada, "arazorik egon ez dadin" lan egingo dutela eta debekatzen badute "egin ez dadin beharrezko neurriak hartuko dituela azaldu du.