Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ibarrak uste du ETAk 'krimenak egiteko borondatea' duela oraindik
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du "epaileek bakearen alde egingo duten lana Justizia betearaztea" izango dela.
Erredakzioa
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak uste du ez dela errealitate soziala aldatu ETAren iragarpenaren ostean, izan ere, epaileak ez du ikusten ETAk "krimenak egiteko borondatea" galdu duenik. Hori dela eta, "epaileek bakearen alde egingo duten lana Justizia betearaztea" izango dela azaldu du.
"Nik ez dut ikusten igandeko komunikatuan ETAk krimenak egiteko borondatea baztertzen duela adierazi duenik. Hori dela eta, epaileok bakearen alde egingo duguna Zuzenbidea aplikatzea izango da, hau da, Justizia betearaztea. Hori egiten jarraitu behar dugu", Ibarrak Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean azaldu duenez.
EAEJANren buruzagiak berretsi du "Strasbourgeko Auzitegiak 2009ko ekainean esandakoa" izan behar dela kontuan: "ETAren jarduerak eragina izan du errealitate sozialean, eta demokrazia babesteko, Espainiako erakundeek gainerako alderdi politikoen eskubideak eta askatasunak bermatzeko neurri egokiak eta proportzionatuak hartu behar dituzte".
Alderdien Legea
Horren harira, Juan Luis Ibarrak 2002ko Alderdien Legeak "Auzitegi Gorenaren, Konstituzionalaren eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren kontrola" pasa duela gogorarazi du.
Era berean, "bost alderdi politiko elkarren segidan" desegin zituztela azpimarratu du, eta orain, helburua "ebazpen horrek dioena ez saihestea" omen da.
Manifestazioa
Fiskaltzak datorren larunbatean Bilbon egitekoa den Adierazi EH manifestazioa debekatzeko eskatu duela eta, Ibarrak esan du Auzitegi Nazionala deialdia ikertzen ari dela "delitua egiteko ezaugarriak" ote dituen jakiteko.
"Horrelakorik atzematen badute, ez ginateke oinarrizko edo giza eskubide bati buruz ariko, beste alor batean egongo ginateke, delitu ekintza baten prestakuntzan edo hastapenean, alegia", gaineratu du.