Politika -

ETAren iragarpena

Lehendakariak ez du deituko ETAren etenaldiari buruzko bilera-sortarik

Patxi Lopez ez da bilduko ordezkari politikoekin, ETAren agirian ez baitago "aurrerapausorik" eta alderdien arteko batasuna jada "errotuta" baitago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak iragarri du ez duela alderdiekin bilera-sortarik deituko ETAren etenaldia hizpide.

"Ez dago aurrerapausorik [iragarpenean] eta [alderdien arteko] batasuna errotuta dago. Denok bide berean gaude lanean", esan du, Cadena Ser irrati-katean eskainitako elkarrizketa batean.

Bestalde, Batasunak legeztatzeko egindako eskaeraren harira, Eusko Jaurlaritzako buruak esan du "pilota" alderdi abertzalearen "teilatuan" dagoela oraindik.

Bere esanetan, alderdiek eta erakundeek ez dute erabakirik hartu behar, eta egiteke dauden mugimenduak ETAk eta Batasunak egin behar dituzte. "Behin betiko desagertzea iragartzen duen agiriaren zain baino ez gaude. Ez ditut gu nahasten utziko", gaineratu du.

Mugimendu horiek "armak uztea eta ETA desagertzeko helburuan demokratekin lan egitea" direla zehaztu du, eta hala egin ezean "egungo egoera" mantenduko dela ohartarazi du, hots, Batasunak legez kanpokoa izaten jarraituko duela. "Inoiz baino argiago dago eta euskal gizartearen gehiengoak babestu egiten du", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea