Politika -

ETAren iragarpena

Zapatero: 'Armak behin betiko uzteak balio du soilik'

"Indarkeria gaitzesten ez dutelako legez kanpo direnak komunikatua argitaratu baino lehen ziren egoera berdinean dira gaur", azpimarratu du Gobernuko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren azken bideoa "oso etsigarritzat" jo du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, eta ezker abertzalearen eskakizunen aurrean mezu oso argia azaldu du: "Armak behin betiko uzteak balio du soilik".

"Indarkeria gaitzesten ez dutelako legez kanpo direnak komunikatua argitaratu baino lehen ziren egoera berdinean dira gaur", adierazi du Zapaterok ETAren bideoa argitaratu zenetik egin duen lehen agerraldian.

ETAren komunikatua aztertzeko garaian indar demokratiko guztien adostasuna aintzat hartu du Exekutiboko buruzagiak, eta adostasun horrek terrorismoaren aurkako borroka sendotzen duela erantsi du.

"Dagoeneko adierazpenek ez dute balio, bakarrik erabakiek balio dute, eta soilik erabaki batek balio du, hitz gutxitan azal daiteke: Armak behin betiko uztea", nabarmendu du Zapaterok.

Alderdi politikoek espero duten erabaki bakarra hori dela badaki ezker abertzaleak jadanik, Gobernuko presidentearen esanetan.

"Amaieratik gertuago gaude"

Bestalde, ETAren "amaieratik gertuago gaude", esan die Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak terrorismoaren biktimei Kongresuan. Terrorismoarekin amaitzeko indar demokratikoen borondatea "inoiz baino irmoagoa da", Rubalcabaren ahotan.

"Asko sufritu dugu, baina bukaeratik gertuago gaude", azpimarratu du Perez Rubalcabak Diputatuen Kongresuan emandako hitzaldi laburrean. Terrorismoaren Biktimen Lege berriari oniritzia eman dio Diputatuen Kongresuak gaur.

Terrorismoaren biktimen elkarteetako ordezkarien aurrean, "izuarekin amaitzeko" demokraziaren konpromisoa azpimarratu du Barne ministroak.

ETAren amaiera duela 11 urte baino "hurbilago" dagoela errepikatu du Rubalcabak. Duela 11 urte onartu zuten orain indarrean dagoen Terrorismoaren Biktimen Elkartasun Legea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea