Politika -
ETAren iragarpena
Rajoy: 'Agiri bakarra espero dugu, ETAren desegitea iragarriko duena'
ETAren aurrean PPk izan duen jarrera "betikoa" dela esan du Mariano Rajoyk.
Erredakzioa
"Gure interesa piztuko duen agiri bakarra ETAren desegitea iragarriko duena da", Mariano Rajoy PPko buruaren hitzetan. ETAren aurrean izan duten jarrera "betikoa" dela gaineratu du, eta, terrorismoaren aurrean aplikatu duen politika mantentzekotan Zapateroren Gobernuari babesa emango diotela berretsi du.
Rajoyk Santiagon egin ditu adierazpenak. "ETArengandik etorriko den agiri bakarra inporta zaigu: talde terroristaren desegitea eta terrorismoaren bukaera iragartzeko egingo dutena", esan du.
Bere hitzetan, ETAk igorritako bideoak "ez du ezer aldatzen" eta "ez du ezertarako balio". Horregatik, terrorismoaren aurkako politika mantentzearen alde agertu da: "terroristekin negoziaziorik ez, Estatuko Segurtasun Indarrei babesa eman, nazioarteko herriekin elkarlanean aritu eta ETA edo bere frankiziak hauteskundeetan ez egoteko lanean jarraitu".
Jaime Mayor Oreja Barne ministro ohiak egindako adierazpenei buruz, popularraren ibilbidea goraipatu du Rajoyk, baina alderdi popularraren jarrera berak azaldutakoa dela azpimarratu du.