Politika -
Erreakzioak
Basagoiti: 'ETAren agiria negargarria, okerra eta gezurtia da'
ETAren iragarpena "hauteskundeetara begira egindako su-etena besterik ez da", horren iritzian.
Erredakzioa
Basagoitik prentsaurrekoa eskaini du Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari orokorrarekin eta Leopoldo Barreda Legebiltzarreko PPko bozeramailearekin, ETAren azken agiriaren harira, eta "su-etena egiaztatzea ezinezkoa da" eta "hauteskundeetara begira egindako su-etena besterik ez da" adierazi du.
ETAren agiria "negargarria, okerra eta gezurtia" dela gaineratu du Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak. "Negargarria", bideoa egiteko erabili duten "antzezpenagatik"; "okerra, betikoa proposatzen dutelako" eta "gezurtia", azken hilabeteetan ere kale indarkeria eta estortsioa izan direlako.
Horren iritzian, Batasuna ez da ETAtik aldendu. ETAren inguruan "itxaropena izateak" ez dakarrela emaitza onik gaineratu du, baina "ilusioa" izatea ona dela nabarmendu du, "gero eta lagun gutxiagok sinesten dituztelako ETAren gezurrak"
Oraingo honetan, ETAk "botoak, eserlekuak, dirua, erakundeetan ordezkariak eta hiritarren legitimitatea" berreskuratu nahi dituela esan du Basagoitik, baina "ezin diegu hori guztia eman", gaineratu du.
"Iruzur egin behar badute, gauzak gaizki joan zaizkielako da, eta hori etxeko lanak egin direlako gertatu da". Azken hilabeteetan egindako polizia operazioak, justiziaren lanak, alderdi politikoen "tinkotasunak" eta PSE-PP itunak "bidea oztopatu egin die". "Horregatik, egoera saihestu nahi dute", esan du.
Hori dela eta, ETAri "presioa egiten" jarraitu beharra dagoela berretsi du, hori baita terrorismoarekin amaitzeko "bide zintzo eta eraginkor bakarra".
"Bietako bat: Armak eta euren burua entregatu edo Poliziak atxilotuko ditu eta armak kenduko dizkie", esan du.
Basagoitik iragarritakoaren arabera, aurrekontuak negoziatzeko Patxi Lopez lehendakariarekin batzartzen denean, ETAri "presioa egiten jarraitzeko" eskatuko dio.
Bestalde, ETAren agiria ezagutu eta gero Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egin dituzten adierazpenak "zentzuzkoak" direla iritzi dio.