Politika -
20. urteurrena
PPk Miguel Angel Blanco omendu du Ermuan
Alonsok "ETAko presoen aldeko adierazpenak korrika sinatzen dituzten", baina "Miguel Angel Balncoren aldekoa" izenpetzeko "gai ez" direnak kritikatu ditu.
agentziak | erredakzioa
Alfonso Alonso PPren EAEKo presidenteak "ETAko presoen aldeko adierazpenak korrika sinatzen dituzten", baina "Miguel Angel Balncoren aldekoa" izenpetzeko "gai ez" direnak kritikatu ditu, zinegotzia hil zutela 20 urte bete direnean.
PPk omenaldia egin dio gaur Miguel Angel Blancori Ermuan (Bizkaia), Agustin Ibarrolak egindako monolitoko lore-eskaintzarekin.
Ekitaldian, hainbat herritarrez gain, Miguel Angel Blancoren ama eta arreba, Agustin Conde Estatuko Defentsa idazkaria, Carlos Iturgaiz PPko eurodiputatua, Amaia Fernandez PPren EAEko idazkari nagusia, Raquel Gonzalez, Borja Semper eta Iñaki Oyarzabal Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako buruak, Javier de Andres Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Laura Garrido eta Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak izan dira.
Lore-eskaintzaren ostean, Alonso bertaratutakoei zuzendu zaie eta "aste zaila" izan dela aitortu du. "Ikusi dugu batzuk astea bukatzeko zain daudela hurrengo astean presoez hitz egiteko, horretaz hitz egiten baitute etengabe", azaldu du.
Alonsok "ETAko presoen aldeko adierazpenak korrika sinatzen dituzten", baina "Miguel Angel Blancoren aldekoa" sinatzeko "gai ez" direnak kritikatu ditu.
Bestalde, Marimar Blancok, ETAk hildako zinegotziaren arrebak, esan du Ermuan izan zela "ETAren amaieraren hasiera". Gainera, "ETA politikoki garaitu" badute ere, "baldintzarik gabe desegitea" lortu behar dutela azpimarratu du.
Hala, batasunerako deia egin du "erakunde terrorista desegiteko", baina baita "egian, memorian, duintasunean eta justizian oinarritutako kontaketa irabazteko".