Politika -

Dokumentazioa

Ezker abertzalea, irtenbide politikoaren bila

2007ko ekainaren 8an, ETAk agiri baten bidez 2006ko martxoaren 24an indarrean jarri zuen su-eten iraunkorra bertan behera uzten zuela jakinarazi eta bi egunetara, Arnaldo Otegi atxilotu zuten.

Ezker abertzalearen artxiboko irudi bat Altsasun. Argazkia: EFE
Ezker abertzalearen artxiboko irudi bat Altsasun. Argazkia: EFE
Ezker abertzalearen estrategia berria

02:05

G. Palacios

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken negoziazio prozesuaren (2005-2007) amaierak ekarri zituen gertakariek ezker abertzalearen egituran eta jardueran eragina izan zuen, bere ekimen politikoa murriztu eta instituzioetan nahiz gizartean presentzia galtzeraino.

2007ko ekainaren 8an, ETAk agiri baten bidez 2006ko martxoaren 24an indarrean jarri zuen su-eten iraunkorra bertan behera uzten zuela jakinarazi eta bi egunetara, Arnaldo Otegi atxilotu zuten 15 hilabeteko kartzela-zigorra betetzeko.

Lau hilabete geroago, 2007ko urriaren 4an, Poliziak ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituen Segurako (Gipuzkoa) kultur etxean bilera bat egiten ari zirenean. Atxilotuen artean Batasuneko buruzagi ezagunak zeuden, hala nola, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Cruz Aldasoro, Patxi Urrutia, Juan Joxe Petrikorena eta Jean-Claude Agerre.

Bere bozeramaile nagusia eta zuzendaritza espetxean, instituzioetatik kanpo, oinarri soziala itxaropena galduta prozesuak porrot egin zuelako... Ezker abertzaleak gizartean eta politikagintzan duen presentzia galdu zuen eta, ondorioz, barne-eztabaida bat abian jartzea erabaki zuen, estrategia eraginkor bat adosteko.

Hausnarketa prozesua

Gogoeta prozesu horretan bildutako hausnarketak dokumentu batean bildu zituzten eta 2009ko urrian ezker abertzalearen baseetan hasi ziren eztabaidatzen. Dokumentuan autokritika egiten du ezker abertzaleak eta bi apustu nagusitzen dira: autodeterminazioaren aldeko indarren metatzearen aldekoa, batetik, eta soilik bitarteko politikoak eta baketsuak erabiltzearen aldeko apustua, bestetik.

Barne eztabaidaren hasiera publiko egin baino egun batzuk lehenago, 2009ko urriaren 13an, Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez ezker abertzaleko buruzagiak atxilotu zituzten, LAB sindikatuak Donostian duen egoitzan bilera bat egiten ari zirela.

Polizia-operazio horretan guztira 10 lagun atzeman zituzten. Atxiloketak Baltsar Garzon epaileak agindu zituen, "ETAren agindupean Batasunaren zuzendaritza berria osatzen saiatzea" leporatuta.

Altsasuko Adierazpena

2009ko azaroan, ezker abertzalearen hausnarketaren ildo nagusiak publiko egin zituzten Altsasun egindako agerraldi batean.

Altsasuko Adierazpenaren arabera, ezker abertzaleak ezinbestekotzat jotzen du legezkotasuna berreskuratzea eta "bide bakarra" bitarteko politikoak erabiltzea dela dio, izan ere, "hori baita Estatuaren ahulezia handiena: eztabaida politikoa".

Altsasuko Adierazpenak Anoetako negoziazio proposamena bere baitan hartzen du eta Ipar Irlandako bake-prozesua ahalbidetu zuen Mitchell Printzipioak ere eransten ditu.

Ondorioak: 'Zutik Euskal Herria'

2010eko otsailaren 16an, agiri baten bidez, ezker abertzaleak barne-eztabaida amaitu zuela iragarri zuen eta bere oinarriak hausnarketari babesa eman ziola jakinarazi; besteak beste, "prozesu demokratikoa bide politiko eta demokratikoetatik" garatu behar dela eta "indar soberanistak eta independentistak" batzearen aldeko apustua berretsi zuten.

Ezker abertzalearen estrategia berria 'Zutik Euskal Herria' izeneko dokumentuan bildu zuten, eta beste gauza batzuen artean, aipatu prozesua inolako indarkeria motarik gabe egin behar dela nabarmendu zuten.

ETAren papera

Agiri berri batean, ETAk begi onez hartu zuen ezker abertzaleak bere baitan hasi zuen eztabaida eta Altsasuko Adierazpenean esandakoak bere egiten zituela iradoki zuen. Ildo horretan, prozesu demokratikoaren alde agertu zen eta Anoetan proposatutako negoziazio-eskemaren balioa berretsi zuen.

Alabaina, eta agirian "borroka armatua" kontzeptua behin ere aipatu ez arren, "balizko prozesu demokratikoaren aurreko fasean" aurkitzen garela eta "antolatzeko eta borrokatzeko" garaia dela azpimarratu zuen. Gainera, su-eten batek prozesu demokratikoa egotea ahalbidetzen ez duela nabarmendu zuen.

Gauzak horrela, ETAren agiri horrek nahasmena sortu zuen, bere asmoak argitu beharrean.

EA eta ezker abertzalearen arteko hurbilketa

Azken hilabeteetan, berriz, alderdi, sindikatu eta gizarte-eragile ezberdinen arteko mugimenduak ugaritu egin dira.

2009ko azaroan, Eusko Alkartasunak bere asanblada egin zuen eta, ondorioetan azaldu zuenez, indar independentistak batzearen aldeko apustua egin zuen.

2009ko urriaren 17an ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek manifestazioa deitu zuten Donostian, Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga eta ezker abertzaleko beste zazpi kideren atxiloketa salatzeko. Martxan horretan 30.000 pertsona baino gehiago bildu ziren eta EAJ, EA eta Aralar bezalako alderdiek babestu zuten.

2010eko urtarrilean Auzitegi Nazionalak Etxerat elkarteak Bilbon urtero egin ohi duen manifestazioa debekatu zuen. Alabaina, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta ezker abertzaleak presoek eskubideen defentsan beste mobilizazio bat deitu zuten. Manifestazioa jendetsua izan zen eta arazorik gabe burutu zen.

Horrez gain, azken hilabeteetan EA eta ezker abertzalearen artean hurbilketa bat ematen ari denaren tesiak indarra hartu zuen. Horren erakusgarri, Independentistak izeneko mugimenduak deitutako Aberri Egunera elkarrekin joan ziren EA eta ezker abertzalea.

Bitartean, Zapateroren Gobernuak Alderdien Legea erreformatuko dutela eta legeak gogortuko dituela iragarri zuen, ezker abertzaleak 2011ko foru eta udal hauteskundeetan parte hartzea ekiditeko.

EArekin akordioa

Ekainaren 20an Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak akordio historikoa sinatu zuten Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean. Peio Urizarrek eta Rufi Etxebarriak hartu zuten parte, beste batzuen artean, sinaduran.

Hitzarmenak indar independentistak biltzearen aldeko apustua egiten du eta helburu nagusiak ondoko bi hauek direla esan daiteke: batetik, "indarkeria mota guztiak" behin-betiko amaitzea eta normalkuntza politikoa lortzea, eta bestetik, euskal Estatua sortzea "soilik bide politikoak eta baketsuak erabilita".

Babesa nazioartetik

Bestalde, martxoan nazioarteko zenbait lagun ezagunek adierazpen bat sinatu zuten ezker abertzaleak emandako urratsak goraipatuz. Brian Currin bitartekari hegoafrikarrak Europako Parlamentuan aurkeztutako testuan, ETAri nazioarteko batzorde independente batek "ikuskatutako su-eten iraunkorra" aldarrikatzea eskatzen zioten eta hori gertatuz gero, Espainiako Gobernuari "behar bezala" erantzuteko galdegiten zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea