Politika -

Dokumentazioa

ETA inoiz baino ahulago, Poliziaren eraginez

Kolpe gogorrenak, gainera, bere egitura militarrean jasan ditu ETAk: Poliziaren datuen arabera, sei aldiz lortu dute buru militarra edo bere gertukoak atxilotzea.

Garikoitz Aspiazu, Txeroki. Argazkia: EFE
ETA inoiz baino ahulago, Poliziaren presioaren eraginez

02:08

I. Herce

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Litekeena da ETAk egun bizi duen egoera bere 50 urteetan bizitako okerrena izatea, iharduera ikuspuntari erreparatzen badiogu behintzat. 2007an azken su etena apurtutzat eman ondoren, poliziak egindako atxiloketek eta emandako kolpeek ahulezi egoera larria eragin dute erakundearengan. Ia berrehun kide atxilotu ditu poliziak azken hiru urteotan. Kolpe gogorrenak, gainera, bere egitura militarrean jasan ditu ETAk: Poliziaren datuen arabera, sei aldiz lortu dute buru militarra edo bere gertukoak atxilotzea. Horrekin batera, zulo sare garrantzitsuenak desegin dituzte, eta Portugalen eta Katalunian egitura iraunkorrak ezartzeko asmoak deuseztu dituzte.

2008ko maiatzean, Guardia Zibilak eta Frantziako Jendarmeriak lau ETAko kide atxilotu zituzten Bordele inguruan. Tartean zen Francisco Javier Lopez Peña, Thierry, ustez ETAko arduradun politikoa garaian eta su etenaren prozesuan paper garrantzitsua jokatutakoa. Atxiloketok ETAren baitan izandako desadostasun eta liskarrak ezagutzeko aukera eman zuten: antza Thierry eta Garikoitz Aspiazu, Txerokik buruturiko bi taldeak aurrez aurre izan ziren Espainiako Gobernuarekin egindako negoziazio eta prozesu politikoaren norabidearekin ados etzeudelako.

Hain zuzen, bost hilabete beranduago, azaroaren 17an, poliziak Txeroki atxilotu zuen Piriniotako Cauterets eskualdean. Hilabete baino etzuen iraun bere ordezkoak, Aitzol Iriondok, poliziaren eskuetan jausten: abenduaren 8an Frantziako hego ekialdean atxilotu zuten, Gerden. ETAren goi zuzendaritzarenganako presioa etzen bertan eten: 2009ko apirilean, Iriondo atxilotu eta bost hilabetera, poliziak Jurdan Martitegi atxilotu zuen, Perpignan inguruan. Urte hori amaitu baino lehen gainera beste kide esanguratsu batzuk harrapatu zituzten segurtasun indarrek: Asier Borrero, uztailean, eta Aitor Elizaran, urrian. Azken honi zera leporatu zion Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak, “sail politikoaren buru izatea eta ETAri eta ezker abertzaleari aginduak ematea”.

Kolpe sorta honek beste bi une garrantzitsu izan zituen: ustez une horretan sail militarraren arduradun zen Ibon Gogeaskoetxearen atxiloketa, 2010eko otsailean, batetik. Eta, bestetik, maiatzaren 20an, Frantziako jendarmeriak eta Guardia Zibilak Mikel Karrera Sarobe, Ata, atxilotu zuten. Poliziaren arabera, ETAko buru militar berria zen Karrera. Berarekin batera, Arkaitz Agirregabiria, Maite Aranalde eta Eñaut Aramendi ere poliziaren sarean erori ziren. Alfredo Perez Rubalcabaren arabera, kolpe hau “Txerokirena baino garrantzitsuagoa izan da”.

Aurtengo lehen sei hilabeteak bereziki gogorrak izan dira ETArentzat. Ia 30 atxiloketa gertatu dira eta 2.000 kilo leherkari inguru antzeman ditu Poliziak. Ertzaintzak ere Ondarroa inguruko talde bat desegin zuen, eta atxilotuei Bizkaian izandako zenbait atentaturen ardura leporatu zien, tartean Ondarru bertako ertzain-etxearen kontra jarritako ehun kilo leherkariz osatutako bonba kotxea eztandaraztea. Otsailean Ibai Beobide atxilotu zuten, poliziaren arabera Gipuzkoan eta Bizkaian bina komando antolatze lanetan ari zela. Katalunian ere beste hiru atxiloketa jazo ziren, antza ETAk bertan egitura iraunkor bat ezartzea lortu baino lehen.

Antzeko zerbait gertatu zen Portugalen. Han ere ETAk talde eta egitura iraunkor bat ezartzeko asmoa zuen, baina poliziak aukera hori etetea lortu zuen. Urtarrilean bi ETAko kide atxilotu zituen Guardia Zibilak Espainia eta Portugaleko mugan izandako ihesaldi ikusgarri baten ondoren. Hilabete beranduago, Portugaleko Obidos herrian ETAren etxe bat eta 1.500 kilo leherkari aurkitu zituen bertako poliziak. Armak eta leherkariak biltzeko egiturak ere poliziaren astindua jaso du. Joan den urteko udaran poliziak ETAren zulo sarea desegitea lortu zuen Frantzian, ehundaka kilo leherkari eta arma atzemanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea