Politika -

BBCri igorritako bideoa

'Eraso ekintza armaturik' ez egitea erabaki du ETAk

Dena dela, erakunde terroristak ez du "su-etena" hitza aipatu, eta ez dago argi etenaldia behin betikoa edo behin behinekoa den.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk iragarri du "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela duela "hilabete batzuk".

Erakunde terroristak BBC telebista kateari eta Gara egunkariari igorritako bideo batean egin du iragarpena. Dena dela, agirian ez du aipatu "su-etena" hitza, eta ez dago argi etenaldia behin betikoa edo behin behinekoa den.

ETAk duela urtebete baino gehiago egin zuen azken atentatu hilgarria. Gainera, inoiz baino ahulago dago, Segurtasun Indarren presioaren ondorioz, eta ezker abertzaleak su eten egiaztagarria egiteko eskatu zion. Hori iragarpenaren testuingurua.

Alderdi politikoek zuhurtzia agertu dute euren lehen adierazpenetan. Horren ildotik, Rodolfo Ares Eusko&' || 'nbsp;Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du iragarpena ez dela nahikoa eta, are gehiago, "anbiguoa" dela.

Bere aldetik, legez kanpoko ezker abertzaleak ontzat eman du ETAren erabakia, eta haren garrantzia "ukaezina" dela gaineratu du.

ETAk "prozesu demokratikoa" abiatzea eskaini dio Gobernuari

Gaur publikatutako bideoan ETAko hiru kide agertzen dira, beltzez jantzita eta aurpegia estalita. Aurreko agirietan bezala, emakumezko batek egin du bozeramailearena.

Hiru pertsonen atzean ETAren ikurra dago, eta alboetan ikurrina, Nafarroako bandera eta ''Arrano beltza''. Bideoaren hasierak eta amaierak musika daukate, Keith Jarret piano-jotzailearen Koln Concert diskoaren doinuak, hain zuzen ere.

Agirian, ETAk adierazi du "prest" dagoela "prozesu demokratikoa abiarazteko beharrezkoak diren gutxiengo demokratikoak adosteko", "Espainiako gobernuak borondatea izanez gero".

Halaber, erakundeak ziurtatu du "berretsi" egiten dela "elkarrizketa eta negoziazioaren bidez euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko prozesu demokratikoarekiko konpromisoan".

"Aldaketa politikoa gauzatzeko unea heldu zaio Euskal Herriari, Euskal Herriarentzat marko demokratikoa eraikitzeko unea, euskal herritarren gehiagoaren nahiari atxikiz", gaineratu du.

ETAren ustez, "ardurak hartzeko eta urrats sendoak emateko garaia da": "Independentismoaren proiektu estrategikoaren artikulazioan, prozesu demokratikoa eraikitzeko baldintzak sortzeko bidean eta "errepresioari erantzuteko era eskubide zibil eta politikoen defentsa irmoan".

Aurreko agirietan ez bezala, oraingoan ez du Frantzia aipatu.

BBC, esklusiba Kontxako hondartzatik

BBC britainiarrak, bideoa esklusiban eskaini duen telebista kateak, Kontxako hondartzatik (Donostia) eman du albistea.

Kateak ez du argitu nola lortu duen informazioa, baina RTVEk ziurtatu du "duela hainbat urte" egin zuen iturri baten bidez izan dela.

Albistea Clive Marie kazetariak eman du, hondartzatik, 12:00etan.

ETAk hamaika aldiz eten du jarduera armatua 1981etik. Azkena 2006ko martxoan izan zen, baina urte horretako abenduan hautsi zuen, Barajaseko aireportuan bonba-furgoneta bat zartaraziz.

Duela 50 urte sortu zenetik, 858 pertsona hil ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea