Politika -
Irailaren 11n, Bilbon
IA, EA, eta Alternatiba bat datoz 'Adierazi E.H.'ren deialdiarekin
"Gatazkak bide baketsu, politiko eta demokratikoak soilik erabiliz konpondu daitezkeela" defendatuko du, "baztertze eta inposaketarik gabe".
Erredakzioa
Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Lokarri eta LAB sindikatuen ordezkariek, besteak beste, hurrengo larunbatean, irailak 11, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin dute. Martxa "Eskubide guztiak Euskal Herriko pertsona guztientzat" lelopean egingo da, ''Adierazi EH'' eskubide zibil eta politikoen aldeko herri ekimenaren eskutik.
Gaurko agerraldian protesta horretan parte hartzearen aldeko idatzia irakurri dute. Bertan izan dira, beste batzuen artean, Jone Goirizelaia, Karmelo Landa eta Rufi Etxeberria Ezker Abertzaleko ordezkariak; Pello Urizar (EA); Ainhoa Etxaide eta Rafa Diez Usabiaga (LAB); Oskar Matute (Alternatiba); Paul Rios (Lokarri); Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria eta José María Arrate, Athleticeko presidente ohia.
Idatziak ideia nagusi bat azpimarratzen du, "Konpondu gabeko gatazkarekin eta alde guztietatik datozen indarkeria adierazpenekin lotutako egoerak berehala bukatu behar dira. Horren ordez, Euskal Herriko pertsona guztien giza eskubideak eta eskubide politiko eta zibilak errespetatzen dituen testuingurua lortu behar da, gatazkak bide baketsu, politiko eta demokratikoak soilik erabiliz konpondu daitezen, baztertze eta inposaketarik gabe".