Politika -

Akordio aukerak aztertzeko

Sanchezek Podemos eta Ciudadanos bilera batera deitu ditu hurrengo astean

PSOEko idazkari nagusiak PP eta haren politikak Espainiako Gobernutik kanporatzeko aukerarik ba ote dagoen aztertu nahi du bi alderdi horiekin.

Pedro Sanchez PSOEk asteburuan egin duen Kongresuan. Argazkia: EiTB
Pedro Sanchez PSOEk asteburuan egin duen Kongresuan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak bilera batera deitu ditu datorren astean Podemos eta Ciudadanos alderdiak, PP eta haren politikak Espainiako Gobernutik kanporatzeko aukerarik ba ote dagoen aztertzeko.

Idazkari nagusi denetik lehen aldiz, PSOEk Espainiako Diputatuen Kongresuan, Senatuan eta Europako Parlamentuan dituen ordezkariekin elkartu da. Bilera horretan, PSOEren Kongresuko, Senatuko eta Europako Parlamentuko Taldeen zuzendaritzan izandako aldaketak onartu dituzte. Sanchezek batzar horretan iragarri duenez, aste honetan bertan deituko die Pablo Iglesias Podemoseko buruari eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteari bilera bat egitea proposatzeko. Batzarra eurek nahi duten formatuan egitea proposatuko die, hirurak elkarrekin edota binaka, baina "bereizita" egingo dutela uste du.

Azaldu duenez, PSOEren "lehentasuna" garai honetan "Gobernua eta haren politikak aldatzea da", eta Podemos eta Ciudadanos aipatu ditu aldaketa gidatzeko sozialisten bidelagun gisa. Haren esanetan, ez daki elkarrekin zenbat pauso emateko gai izango diren, baina "garrantzitsuena ibiltzen hastea da, izan ere, bidea ibiliz egiten da".

Sanchezek PSOEren asteburuko Kongresuan adierazi zuenez, sozialisten etsai bakarra PP da. Ildo horretan, argi utzi du helburua PPri irabazi eta Moncloara iristea eta "justizia soziala" lortzea dela.

"Duintasuna eta eredugarritasuna" izatea eskatu dio Pedro Sanchezek Mariano Rajoyri, PSOEko idazkari nagusiaren esanetan, ustelkeria eta inpunitatea "babestu, baimendu eta errazten" dituelako. Gaineratu duenez, "bitxia" da Rajoyk berari "moderazioa" eskatzea PPren azken urteotako zuzendaritza hainbat auzitan ikertua izaten ari denean eta deklaratu behar duenean.

Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea izan da Sanchezen proposamenari erantzuten lehena. Riverak ohartarazi dioenez, ez da bere "kiribilean" sartuko eta ez da iraganera begira jarriko. Dena den, Espainia "onbideratzeko" neurriak aztertzeko prest agertu da Sanchezekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSOE Pedro Sánchez Ciudadanosi buruzko albisteak Gaurko azken orduko albistea Podemos albisteak Albert Rivera