Politika -
Zuzendaritza berria
Margarita Robles eta Ander Gil, PSOEren Kongresuko eta Senatuko bozeramaile
Epaile eta diputatu independenteak Adriana Lastra eta Rafael Simancas izango ditu lagun Kongresuko Taldearen zuzendaritzan.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak aurrerantzean Espainiako Diputatuen Kongresuko eta Senatuko bozeramaileak izango direnak aukeratu ditu gaur eta, hurrenez hurren, Margarita Robles eta Ander Gil izango dira kargu horiek beteko dituztenak. Zuzendaritza berriaren lehen bileraren ostean iragarri du erabakia Oscar Puente Alderdi Sozialistako bozeramaileak.
Lehen hitzordu horretan, aurrerantzean alderdiak Kongresuan, Senatuan eta Europako Parlamentuan izango dituen bozeramaileak onartu ditu.
Margarita Robles epaile eta diputatu independentea denak Adriana Lastra eta Rafael Simancas izango ditu lagun Kongresuko Taldearen zuzendaritzan. Adriana Lastra asturiarra PSOEko idazkari nagusi orde berria da eta Rafael Simancas diputatu madrildarra, ostera, Patxi Lopezen kanpainako burua izan zen hauteskunde primarioetan.
Europako Parlamentuari dagokionez, Iratxe Garcia bozeramaile izango da berriro ere. Batzorde Kudeatzaileak (gestora) kargutik kendu zuen eta asteburuko kongresuaren ondotik, zuzendaritzako kide ere izango da.
Beraz, Alderdi Sozialistaren taldeak honela geldituko dira: Kongresuan, Margarita Robles (bozeramailea), Adriana Lastra (bozeramailearen albokoa), Rafael Simancas (idazkari nagusia), Meritxell Batet (albokoa), Isabel Rodriguez (albokoa), Felipe Jesus Sicilia (albokoa) eta Pere Joan Pons (albokoa).
Senatuko Taldea lau kidek osatuko dute, orain arte baino bi gutxiagok: Ander Gil (bozeramailea), Maria Luisa Carcedo (idazkari nagusia), Paco Menacho (albokoa) eta Begoña Nasarre (albokoa).
Bestalde, Europako Parlamentuko taldea kide hauek osatuko dute: Iratxe Garcia (bozeramailea), Sergio Gutierrez (idazkari nagusia), Javier Lopez Fernandez (albokoa) eta Clara Aguilera (albokoa).
PSOEk bilera bat eskatu dio Rajoyri
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen deiaren zain omen dago, Moncloa Jauregian bilera egiteko. Oscar Puente PSOEko bozeramaileak azaldu duenez, Gobernuaren eta oposizioko buruaren arteko lankidetza beharrezkoa den Estatuko auzi horien inguruan hitz egin nahi du Sanchezek Rajoyrekin.
Puenteren esanetan, bilera hori "beharrezkoa" da eta, hori dela eta, ez du baztertu Rajoyk egingo ez balu Sanchezek bilera bat eskatzea.